Kultura arloko hainbat ekintza, adin guztietarako

Mireia Bikuña 2024ko ots. 9a, 12:37

Antzerki emanaldiak, helduendako eta umeendako; Arrasate Musikalen kontzertuak; disko festak eta beste hainbat, Aratusteetako egunei kolore kulturala emateko.

Nell Leyshonek 2019an idatzitako izen bereko liburuan dago oinarrituta  Tanttaka Teatroren azken lana, Esnearen kolorekoa (domeka, 19:30, Amaia antzokia). XIX. mendeko nekazaritza giroko Ingalaterrako baserri batean bizi den neskato bat du protagonista.

Aitziber Garmendia da Mary. Harekin batera egongo dira oholtza gainean Mireia Gabilondo eta Jon Olivares bergararrak, Miren Arrieta, Joseba Apaolaza eta Jose Ramon Soroiz. "Oso gustura gaude orain arte egindako bide laburrarekin. Istorio oso polita da eta ikusleek ondo jaso dute", esan du Gabilondok.

Pertsonaia bereziak egongo dira oholtza gainean, urtaroen eta baserriko lanen konpasean isurtzen den ingurune bukoliko batez inguratuta. Maryren (Aitziber Garmendia) ahaleginari esker, beste pertsonaia guztiek izango dute zentzua istorio horretan.

Arrasate Musikal

Domekako antzezlanaz gain, egongo dira beste aukera batzuk kultura kutsuarekin Aratusteez gozatzeko. Arrasate Musikalek emanaldi bikoitza egingo du asteburuan. Gaur, barikua, ohiko duten Aratuste kontzertua egingo dute, 18:30ean, Amaia antzokian. Eskolako hainbat taldek parte hartuko dute eta, guztira, 100 bat musikari pasako dira eszenatokitik, askotariko piezak interpretatzeko. Sarrera debalde da.

Bihar, zapatua, Arrasate Musikaleko Big Band Txarangaren txanda izango da. Kalerik kale ibiliko dira, herritarrak dantza egitera animatzeko. Big Band taldeak urteak daramatza txaranga-lanak egiten ospakizun zehatz batzuetan.

Pailazo emanaldia

Asteburuaren ostean, Aratuste-martitzena ere indartsu etorriko da. Bereziki, neska-mutikoendako hainbat hitzordu egongo dira. 17:00etan, disko festa egongo da, Txatxilipurdiren eskutik, Biteri plazan, eta ordu berean, pailazo emanaldia Amaia
antzokian. Tomaxen Abenturak taldeak Azken festa ikuskizuna egingo du. Tomaxen eta Muxiren azken urtea izango da hauxe, eta urte hauetan guztietan egindako  ikuskizunetako pasarte onenak batu dituzte, agurtzeko.

Aratusteetako azken orduetan musika izango da protagonista herriko kaleetan. Samasiku txarangaren kalejira 17:30ean, erraldoi eta kilikien kalejira 18:30ean eta Nemux taldearen disko festa 19:30ean. Azken ekitaldia sardina-ehorzketa izango da, gaueko bederatzietan, Herriko Plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak