Ezkiña taberna Gipuzkoako patata-tortilla lehiaketako finalean egongo da

Uxue Poveda 2024ko otsailaren 8a

Gurutze Villar eta Asier Antia patata-tortilla batekin, Ezkiña tabernaren terrazan. (Argazkia: Rafael Garcia Santos)

Asier Antia aretxabaletarra Gipuzkoako patata-tortilla lehiaketako finalean izango da. Otsailaren 28an jokatuko dute hori Donostian, eta ondoren, martxoaren 9an Euskal Herriko finala izango da, Bilbon.

Antiak aditzera eman du epaimahaiko kideak bitan pasatu direla tabernatik tortillak probatzera, eta jasotako puntuei esker Gipuzkoako finalean izango da. Bi tortilla mota aurkeztu ditu; bata, patatekin bakarrik egindakoa, eta bestea, bakailao eta Gernikako piperrekin. Lurraldeko finalean hamar egongo dira lehian, eta horietatik hiru hautatuko dituzte martxoaren 9an Bilbon jokatuko den finalera joateko. Gipuzkoako epaimahaiko kideen artean sukaldari adituak izango dira, besteak beste, Martin Berasategi, Pedro Subijana, Hilario Arbelaitz eta Pablo Loureiro.

Antiak adierazi duenez, finalista izatearen berria "pozik eta ilusioz" hartu du. Tortillen sekretuaren gainean galdetuta, ezin duela horren berri eman adierazi du. Tipularik izan behar duen edo ez eztabaidaren aurrean, ostera, erantzun argia eman du: "Patata-tortilla, berez, tipula barik da; gero, bakoitzak erabakitzen du zer egin, baina izatez ez zaio tipularik bota behar".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak