Landare zorriak agertu dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoako bost ikastetxetan, Ausolan catering enpresak zerbitzatutako azalore batzuetan, eta harrabotsa sortu du gertakariak; Ausolanek, ordea, ziurtatu du landare zorrien lehen laginak aurkitu zituztenetik aktibatu direla "aurreikusitako alerta zerbitzuak": "Azalorearen jatorria identifikatu ahal izan da, eta hornitzailearekin neurri gehiago hartu ahal izan dira, zorria eduki dezaketen pakete guztiak geldiarazteko eta, ondoren, baztertu egingo direla bermatzeko".
Haren arabera, azaloreen hornitzailearekin egon dira, eta egindako azterketan ondorioztatu dute "lehorteak eragindako aldaketa naturalek" eragindako gertaera bat izan dela, eta, beraz, "salbuespenezkoa". Nolanahi ere, argitu dute zorriek "ez dutela eraginik izan ikasleen osasunean".
Pakete guztiak "blokeatuta"
Ausolanek jakinarazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikastetxeekin partekatu dute informazio guztia, eta baita ardurapeko agintariekin ere, eta azpimarratu du kaltetuta egon daitezkeen pakete guztiak "blokeatu" direla, gerora baztertzeko. "Kasu isolatua" izan dela azaldu du, baina "benetan sentitzen" dutela: "Segurtasun eta kontrol neurriak areagotzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, ikastetxeetako elikaduraren kontuetan kontu handiz ibiltzea eskatzen duen zerbitzua baita".