Isilpean gogor egindako lanak argia ikusi du

Iñigo Barrena Kortabarria 2024ko ots. 2a, 12:21

Trumans taldeko kideak, lokalean, disko berriarekin. Argazkia: Beñat Elorza

Trumans taldeak taldearen izen bera daraman eta, aldi berean, bere estudioko lehen lana dena kaleratu berri du. arrasateko Shot! estudioan grabatuta, "gustura" eta "pozik" daude egindako lanarekin; estreinua antzuolan izango da, hilaren 17an

Sei urte egin zituzten "lozorroan" Trumans taldeko kideek. Lokalean murgilduta musika estilo berriak probatzen eta abesti berriak sortzen aritu ziren, berriz eszenatokietara itzuli baino lehen. Itzuleratik, kontzertuez gain, lanean jarraitu dute, eta orain, lan horren fruituak batu dituzte kaleratu berri duten estudioko lehen lanean. "Abestiak sortuta zeuden, ez dira egun batetik bestera etorri. Berriak egiten ere bagabiltza, baina ez dakigu noiz iritsiko diren; beraz, erabaki genuen orain arte egindakoa disko batean ondo irudikatzea", dio Cristian Coellok, taldeko kideak. Nola ez, emaitzarekin "oso gustura" gelditu direla ere aitortu du. Diskoaz gain, ikus-entzunezko txiki bat ere kaleratzekoak dira, estudioko prozesua nola izan den erakusteko.

Shot! estudioan grabatuta

Etxean grabatzeko erabakia hartu zuten; hain zuzen, itxi berri duten edo jabez aldatuko duen Shot! estudioan. "Ni San Andresen jaioa naiz, eta toki historikoa da Shot! Orain, agur esan duela ikusita, oso berezia izan da gure lehen lana han grabatu izana", aitortu du taldeko gitarra-joleak.

Era berean, lehen aldia izan da harentzat eta taldeko Gorka Aranbarrirentzat estudio batean lanean aritu direna: "Orain arte lokalean ibili gara, guztiok batera. Hasieran, estudiora sartzeak bertigo apur bat ere ematen zigun. Zu bakarrik zaude bertan, eta, nahiz eta errepikatu daitekeen, grabatutakoa diskora doa, eta hori ere ikaragarria da".

Kalitateari garrantzia

Lan berria lau abestik osatzen dute, baina Trumans taldekoek entsegu lokalean dihardute etengabe abesti berriak sortzen. Oraingoan, ordea, kalitatea bermatu gura izan dute. "Nik kalitatea nahiago dut kantitatea baino. Ondo elaboratutakoak dira, eta horiek ondo islatu gura genituen", adierazi du Coellok.

Diskoari dagokionez, lehengo punk doinuetatik rock eta blues doinuetara igaro ziren euren itzuleran, baina Coellok ez dio jarri gura izan "etiketa" bat lanari: "Egia da rock doinuak dituela diskoak, blues zertzeladekin, eta baita punk ukituekin. Horregatik, nahiago dut jendeak entzun dezala eta erabaki dezala zer den". Estiloak estilo, diskoak, gainera, Antton Carreteroren kolaborazioa ere badauka, El Camino abestian.

Estreinaldia, Antzuolan

Labetik atera berri dute euren lehen lana, eta plataforma digitaletan entzungai dago jada, baita diskoa fisikoan eskuratzeko aukera ere, taberna hauetan: Equs, Dublin, Iluntz, Osorik, Taupa eta Irati; edo, bestela, Instagram kontura idatzita, 5 euroren truke. Baina zuzenekoen parekorik ez dago, eta data batzuk ere argitu dituzte. Diskoa kaleratu berritan emango duten lehen kontzertua Antzuolako gaztetxean izango da, hilaren 17an, Hankaz Gora taldearekin batera. Horrez gain, maiatzaren 1ean San Andresko jaietan ere Trumansekin gozatzeko aukera izango dute musika-zaleek.

Euren estudioko lehen lanaren aurkezpen ofiziala, berriz, Arrasaten eta Oñatin egin gura dute, bi herrietako kideek osatzen baitute taldea. Oñatikoak badu data, maiatzaren 3a, Antixena gaztetxean. Arrasatekoak, ordea, ez du oraindik egunik, baina Coellok aurreratu du zerbait berezia egin gura dutela: "Arrasateko kontzerturako, taldeko kideen ibilbide musikalean eragina izan duten pertsonak gonbidatu nahi ditugu; berezi egin nahi dugu egun hori. Oraindik, ordea, ez dakigu non eta noiz egingo dugun".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak