Joannes Jauregi (Astigarraga, 1994) literatur kritikari eta itzultzailea izan da aurtengo Jokin Zaitegi lehiaketaren irabazlea. AEDk eta Elkar argitaletxeak, Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzaz, antolatzen dute lehiaketa. Irabazleak Literatur Nobel saridun lan bat euskaratzeko aukera eskuratzen du, horrenbestez, Jauregik iazko urte amaieran Suediako Akademiak saritu zuen Jon Fosse idazle norvegiarraren Trilogia eleberria itzuli beharko du. 2024 urte amaieran emango du lana argitara Elkar-ek. Aurtengo edizioaren epaimahaia Santi Leonek, Gema Lopez Las Herasek eta Juan Mari Mendizabalek osatu dute.
2002an antolatu zen lehenengoz Jokin Zaitegi arrasatearra gogoratzea eta Nobel saridunen lanak itzultzea helburu duen lehiaketa. Beste edizio batzuetako irabazleen artean Urtzi Urrutikoetxea, Koro Navarro edo Garazi Ugalde aurkitu daitezke besteak beste.