Musakolako institutuko patioan abiatuko dute aurten ludoteka ibiltaria

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 30a, 10:10

Parte-hartzaileak, margotzen, ludoteka ibiltarian.

Txatxilipurdik, urtero moduan, ludoteka ibiltaria egingo du, otsailetik maiatzera arte, ludoteka zerbitzua auzoetara hedatzeko helburuarekin. Hala, aurten ere Musakolan abiatuko dute, baina, orain arte ez bezala, institutuko patioan elkartuko dira, zapatuetan, 11:30etik 13:30era.

Ohi moduan, Musakolan hasiko du ibilbidea ludoteka ibiltariak, baina aurten elkargune berria izango du auzo horrek. Hala, institutuko patioan batuko dira. "Hezitzaileen laguntzarekin eta askotariko material zein baliabideak parte hartzaileen eskura jarriz, bi orduz ludotekaz gozatzeko aukera egongo da", azaldu dute Txatxilipurditik.

3 eta 12 urte arteko haur eta aurre-nerabeek parte hartzeko aukera izango dute ekimenean, baita horien arduradun edo gurasoek ere. "Ekintzak, parte hartzaileekin batera adostu eta denen gustukoak antolatzen saiatuko gara", nabarmendu dute. "Aisialdi hezitzaile euskaldunaz gozatzeko aukera paregabea da ludoteka ibiltaria. Parte-hartzaileei sormena garatzeko, harremanak egiteko, parte-hartzea sustatzeko, naturarekin harremanak egiteko eta beste hainbat helburu hezitzaileri bide emanez".

Azkenik, azpimarratu dute parte-hartzea librea izango dela. "Askatasunez jolas egiteko gunea eta laguntza eskainiko da, betiere, euskaraz!". Zapatuetan 11:30etik 13:30era gauzatuko dute ludoteka ibiltaria.

Honako hau da egutegia:

  • Musakola auzoan: otsailak 3, 17 eta 24.
  • San Andres auzoan: martxoak 2, 9, 16 eta 23.
  • Erguin auzoan: apirilak 13, 20, 27 eta maiatzak 4.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak