Arrasateko EAJk uste du bide-segurtasuna hobetzeko premia dagoela Arrasaten, "berriki izandako harrapatzeak" ikusita. "Abenduaren 4an, Maiatzaren Bata plazako oinezkoen pasabidean; abenduaren 15ean, Arrasate Pasealekuko oinezkoen pasabidean, Arizmendi ikastetxearen ondoan, eta urtarrilaren 24an, Elmako biribilgunean, herriko gazteei kalte larriak eragin dizkietenak". Horien aurrean, "kezka sakona" azaldu dute jeltzaleek, "udalerriko bide-segurtasunaren aldeko konpromisoa berretsiz".
Batetik, diote, Frantziako Tourra Arrasatetik pasatzeko bide-segurtasuneko hainbat elementu kendu zituztela, hala nola, piboteak eta konkorrak, baina oraindik ez dira berrezarri. "Gainera, kezkaz egiaztatu dugu Arrasateko radar sistemak ez daudela martxan, eta gehiegi atzeratzen ari dira. Egoera horrek larriki kezkatzen gaitu, eta gure kaleetan istripuak izateko arriskua areagotzen laguntzen duela uste dugu", nabarmendu du Ander Garayk, jeltzaleen udal bozeramaileak.
Hori dela eta, Udal Gobernuari eskatu diote "beharrezko ekintza horiek lehenetsi eta arindu" ditzan. Era berean, tokiko gobernuari exijitu diote "arazo horri aurre egiteko ekintza-plan argi eta eraginkor bat" aurkez dezala.
Horri lotuta, ekintza zehatzak proposatu dituzte jeltzaleek. "Hala nola, piboteak berehala berrezartzea eta radarrak suspertzea, trafikoa antolatzeko eta istripuak prebenitzeko funtsezko neurri gisa".