Sorabox-ek antolatuta, boxeo jaialdia egin zuten atzo, Uarkapen. Ehunka herritar gerturatu ziren, eta harmailak lepo bete ziren. Guztira, hamar borrokaldiz gozatzeko aukera izan zuten bertaratutakoek, eta, tartean, hiru borrokalari debagoiendar izan ziren: Iker Davila, Ander Urrutia eta Yaman Mjahed.
Jesus Garces izan zuen aurkari Davilak, eta garaipena eskuratu zuen arrasatearrak, Garcesen entrenatzaileak toalla bota baitzuen ring-era; ondorioz, amore eman behar izan zuen Garcesek. Are gehiago, gauza bera gertatu zen Mjaheden borrokaldian ere: Erik Catalan izan zuen aurkari, baina round-ean –eta azken– zatian eman zuen amore, entrenatzaileak toalla bota ondoren.
Urrutiaren borrokaldiari dagokionez, berriz, debuta izan zuen. Ixai Arruiz izan zuen aurkari, baina ezin izan zuen garaipena eskuratu; hala ere, arrasatearrek ongi animatu zuten herrikidea, harmailak bero baitzeuden.
Gainontzeko borrokaldiak
Gainontzeko zazpi borrokaldiei dagokienez, Marko Sotinok Asier Andreu garaitu zuen; Rakel Martinezek Oihane Gravalos; Mikel Lorentxok Ander Torre; Robel Batistak Mario Sarmiento; Sekou Sanek Marcos; Jon Idoatek Maddy; eta, azkenik, Leroy Sereyk Anaitz Olaeta. Lorentxo eta Torre, eta Batista eta Sarmientoren kasuetan, gainera, knock-out banaren ondorioz amaitu zen borrokaldia.