Baietz mila! lelopean elkartu dira arrasatearrak Gaitu ekimena bultzatzeko asmotan; leloak dioen bezala, gaurko egunaren helburua mila grabazio lortzea izan da, eta Itxaro Artola AEDeko dinamizatzailearen hitzetan "eskuratzeko gertu" daude.
Geike elkarteak antolatuta, 12:00etan ekin diote Gaitu egunari. Gaitu proiektua, hizketaren ezagutza erabiltzen duten teknologietan euskara sustatzeko ekimen nazionala izanik, proiektu garrantzitsua dela azpimarratu du Itxaro Artolak: "euskara teknologia munduan indartsu egotea nahi baldin badugu, beharrezkoa dugu Gaitu. Euskara ez dago teknologia munduan egoera okerrean, baina hizkuntza txikia izanik, indartu beharra daukagu".
Egunak, herritar asko bildu dituela baieztatu du AEDko dinamizatzaileak. Eguerdiko hamabietatik, arrasatear asko hurbildu direla ziurtatu du: "Goizean herritar ugari gerturatu dira, eta arratsaldean ere mahaiak beteta izan ditugu. Erronka egun bakarrean mila ahots eskuratzea izan da, eta lortuko dugulakoan gaude".
Ez gaurkoan bakarrik
"Gaurkoan herritarrei hurbildu nahi izan diegu proiektua, baina norberak etxetik egin dezakeen lana ere bada. Gaur etortzerik ez duenak, etxean mugikorra edo ordenagailua duen orok egin diezaioke proiektuari ekarpena", azaldu du Itxaro Artolak. Izan ere, Gaitu.eus weborrian sartuta, ahotsa eman sailean klik egin eta bertan agertzen diren bost esaldiak baino ez dira sartu behar.