Gari Nuñez: "Jokalariak eta zaleak ilusioz ikusten ditut"

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 25a, 19:14

Gari Nuñez, Mojategin, denboraldi hasieran.

Erregional Ohorezko Mailara igotzeko helburua geroz eta gertuago dute arrasatearrek. Hala ere, hankak lurrean izan eta lanean jarraitu beharra dagoela dio entrenatzaileak.

Futbolean, Gizonezkoen Gorengo Mailan, sekulako denboraldia egiten ari da Mondra. Izan ere, hamasei partidu jokatuta, hamahiru irabazi dituzte arrasatearrek, bi berdindu eta bakarra galdu. Ondorioz, hamar puntuko aldea dute bigarren sailkatuarekiko, Aloña Mendirekiko. Kontuan hartu behar da, gainera, lehen sailkatua zuzenean igoko dela Erregional Ohorezko Mailara. Bigarren sailkatuak, aldiz, kanporaketa bat gainditu beharko du horretarako. Taldea egiten ari den lanaz eta egiteke dagoenaz aritu da Gari Nuñez entrenatzailea (Legazpi, 1985).

Bigarren itzulia hasi berritan, lehen postuan dago Mondra, sendo. Nola ikusten duzu taldea?

Zuk esan moduan, taldea sendo eta indartsu ikusten dut. Helburu oso argi batekin hasi genuen denboraldia eta hori argi izanda ari gara lanean, partiduz partidu. Egia da gauzak ondo doazenean guztia errazagoa dela eta horrek asko laguntzen duela lan-dinamikan.

Aloña Mendi aurkari zuzenari nagusitasunez irabazi zenioten.

Esango nuke anekdotikoa dela azken partiduko emaitza. Izan ere, hainbat partidu izan ditugu, sailkapeneko beheko postuetan dauden taldeen aurkakoak, zaildu egin zaizkigunak. Baina bai, hiru puntu gehiago dira. Derbia izanik, motibazioa ere handiagoa zen, eta hori nabaritu egin zen zelaian. Gainera, haien jokoak mesede egin zigun eta guztia alde jarri zitzaigun.

Indarra ematen du horrelako garaipen bat lortu eta aldea hamar puntura handitzeak?

Bai, noski, eta helburua geroz eta gertuago ikusten dugu, baina bigarren itzuli oso bat geratzen zaigu oraindik. Hamar puntu asko dira, baina puntu asko daude jokoan oraindik eta zelai txiki eta zailetan jokatu beharko dugu, beste futbol mota bat exijitzen duten zelaietan. Oraindik hankak lurrean izan behar ditugu eta lanean jarraitu. Gustatuko litzaidake bi hilabete barru esan ahal izatea gauzak ondo doazela eta aldea handitu dugula. Modu horretan, egunerokoa lasaiago hartzeko aukera izango genuke.

"Gustatuko litzaidake bi hilabete barru esan ahal izatea gauzak ondo doazela eta aldea handitu dugula"

Lehenengo itzuli osoan partidu bakarra galdu du Mondrak, bederatzi gol bakarrik jasota. Non dago horretarako sekretua?

Entrenatzaile naizenetik, nik neuk garrantzi handia ematen diot defentsa arloari. Beti pentsatu izan dut talde batek partidu gehienetan sartuko dituela golak, eta, horrenbestez, inportanteagoa iruditzen zait golik ez jasotzea. Horretarako moduak lantzen ditugu entrenamenduetan, eta lan hori emaitzak ematen ari da. Edozelan ere, argi utzi gura dut nik buruan daukadana jokalariek gauzatzen dutela zelaian; haiena da meritua. Azken batean, golik jasotzen ez baduzu, asko daukazu irabazteko.

Erasoan ere datuak onak dira, 39 gol sartu baititu taldeak.

Futbol praktikoa egiten dugula uste dut, arrisku gutxi hartuta, eta horrek ere lagundu egiten digu hainbat partidutan; adibidez, Aloña Mendiren aurkakoan. Saiatzen gara jokoaren zati handiena aurkariaren zelaian izaten.

Denboraldi erdia falta dela kontuan izanda, lanaren zati handi bat eginda dagoela uste duzu?

Kalean jende askok esaten digu dagoeneko helburua lortuta daukagula, baina oraindik ez dugu ezer egin. Badakigu denboraldia arnasa luzeko ariketa bat dela eta partidu zailak ditugula oraindik. Asteburuan, adibidez, Soraluzen jokatuko dugu, eta oso zelai zaila da, txikia. Hamar puntuko aldeak konfiantza ematen digu, baina lanean jarraitu behar dugu, hamalau partidu geratzen zaizkigu-eta jokatzeko.

"Askok esaten digute helburua lortuta daukagula, baina oraindik ez dugu ezer egin"

Nolako partidua aurreikusten duzu Soraluzen?

Partidu gogorra izango da. Gu ohituta gaudenarekin alderatuta, beste futbol mota bat jokatzen da zelai hartan, eta aldaratzeak oso garrantzitsu bilakatzen dira. Kontaktu handiko partidua izango da, fisikoa. Horrez gain, baloi geldiko jokaldiak eta estrategiak ere ezinbestekoak izango dira hiru puntuak Arrasatera ekartzeko. Joan den asteko partiduarekin alderatuta, oso ezberdina izango da.

Zelai horietan irabaztea gakoetako bat izan daiteke, beraz?

Egia esan, ez gara gaizki moldatzen halako partiduetan, baina lehen partiduan galdu dugun partidu bakarra zelai txiki batean galdu dugu, Zizurkilen. 0-2 irabazten hasi ginen eta 3-2 galdu genuen. Edozein baloi luze edo edozein aldaratze gol aukera bilakatzen da zelai txikietan; etengabeko arriskua dago partidu horietan.

Bukatzeko, mailaz igotzeko ilusioa sumatzen duzu jokalariengan?

Jokalariek denboraldi hasieratik izan dute ilusioa, eta partiduz partidu erakusten dute hori.

Eta zaleengan?

Zaleak ere ilusioz ikusten ditut. Nabaritzen da denboraldi hasieran baino jende gehiago etortzen dela orain Mojategira. Bultzada horrek, zalantzarik gabe, taldeari ere laguntzen dio. Hasieran esan dizudan moduan, gauzak ondo doazenean, errazago egiten da bidea.

"Mondrari dagokion mailara itzuli gura dugu lehenbailehen, Erregional Ohorezko Mailara"

Dagokion mailara bueltatuko da, beraz, Mondra?

Lanean jarraitu beharra dago, baina taldea horretan sinisten hasia da dagoeneko, eta bai, Mondrari dagokion mailara itzuli gura dugu lehenbailehen; Erregional Ohorezko Mailara, alegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak