'First Lego League'-ko finala martxoaren 2an egingo dute

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 25a, 14:59

First Lego League Euskadi-Mondragon torneoaren edizio berri baten finala aurkeztu dute gaur, eta azpimarratu dute boluntarioak ezinbestekoak direla lehiaketaren garapen egokia bermatzeko; hala, horretarako kanpaina abiatu dute jada eta izena eman daiteke, hemen.

Maite Anayak, Maider Morrasek eta Iñigo Larreak eman dituzte finalaren xehetasunak, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren, Arrasateko Udalaren eta Mondragon Korporazioaren izenean. Halaber, aurkezpenean ordezkaririk izan ez arren, aipatzekoa da Innobasque ere antolatzaileen artean dagoela.

First Lego League, gaur egun, 110 herrialdetan 650.000 gazte inguru batzen duen heziketa programa bat da eta horren baitan egingo dute Arrasatekoa ere. Ekitaldia Mondragon Korporazioak eta Mondragon Unibertsitateak Steam heziketa bultzatzeko Innobasque agentziarekin duen akordioaren baitan dago. "Horrela, Euskadiko ikasleen artean gaitasun teknologiko eta zientifikoekiko interesa aktibatu nahi dugu, jakintza ildo berri bat irekiz. Beste behin ere, lehiaketa ofiziala izango da, estatu mailako txapelketara sailkatzeko balioko duena. Hala, FLL Explore eta FLL Challenge erronkak izango dira. Lehena 6-9 urte arteko ikasleei zuzendua dago, eta bigarrena, 10-16 urte artekoei", adierazi dute antolatzaileek.

Finala, martxoaren 2an

Martxoaren 2an egingo dute lehiaketako finala, Mondragon Goi Eskola Politeknikoaren Iturripeko Campusean. Challenge kategorian, 10 eta 16 urte arteko ikasleez osaturiko taldeek haien proiektu berritzaileak aurkeztuko dituzte, eta lego piezez eraikitako robot batekin askotariko jokoak planteatzen dituen erronkei aurre egin. "Masterpiece erronka medio, ikasleek denboraldi honetan besteekin partekatu nahi duten zaletasuna identifikatu beharko dute, teknologia modu sortzailean erabiliz", diote antolatzaileek.

Esan behar da First Lego League Euskadi 2024 lehiaketako finala lau torneotan banatuko dela: FLL Euskadi-Bilbao, FLL Euskadi-Donostia, FLL Euskadi-Mondragon eta FLL Euskadi-Vitoria-Gasteiz.

Boluntarioak, ezinbestekoak

Antolatzaileek adierazi dute pertsona, ikastetxe, laguntzaile eta bestelako eragileen laguntza beharrezkoa dela lehiaketa modu egokian borobiltzeko, eta boluntarioak behar dituztela gaineratu dute. Innobasque.eus-en dago boluntario izateko izena emateko aukera.

Beste urte batez, Arrasaten

Maider Morras Arrasateko alkateak poza agertu du beste urte batez ekimena Arrasatek hartuko duelako. "Batetik, Arrasateko unibertsitate zein enpresa ezagutzari balioa ematen diolako eta, bestetik, Arrasate teknologia talentuaren hiri bilakatzen duelako. Gainera, egun hori lehiakortasunera mugatu beharrean, festa giroko eguna izango da, berezia; ilusioz, adiskidetasunez eta kooperazioz betea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak