Valladolideko VRAC klubak antolatuta, Wonderwinter torneoa egingo dute asteburuan Pepe Rojo zelaian, hirugarrenez, eta han izango da ART Amak Pirolitikak taldea. "Lehenengoz gonbidatu gaituzte eta pozik goaz", azaldu du taldeko jokalari Belen Aranbarrik. "Gasteizen ezagutu genituen eta oso harreman estua egin dugu haiekin".
Bihar, zapatua, 12:30ean hasiko dituzte partiduak, eta zortzi talde ariko dira lehian: Valladolideko VRAC klubeko bi talde (Wonder VRAC), Oviedoko Rugby Klubeko bi talde (Osas), Gijongo Madreñes, Madrilgo Tigresas, Bilboko Lamiak eta ART Amak Pirolitikak.
Zortzi minutuko bi zati izango ditu partidu bakoitzak eta lau partidu, behintzat, bermatuta izango dituzte arrasatearrek. A multzoan ariko dira, eta honako hauek izango dituzte aurkari: Tigresas, Osas eta Wonder VRAC. Ostean, finalaurrekoak eta finala izango dira, baita hirugarren eta laugarren postuak zehaztuta utziko dituen partidua ere.
Aranbarrik nabarmendu du asteburuaz gozatzera joango direla. "Normalean, ez dugu aukera askorik izaten hemen inguruan halako txapelketak jokatzeko, ez baitago talde askorik. Beraz, disfrutatzera goaz". Era berean, martxoaren 16an Bartzelonan egingo duten Mater Series txapelketarako entrenamendu moduan ere hartuko dute asteburu honetakoa.