Helduen igerilekuko erabiltzaileen kexa ugari jasotzen ari direla uraren tenperatura bi gradu inguru jaitsi delako adierazi du Udal Talde Sozialistak: "Ezin dutelako gutxieneko erosotasunarekin erabili. Are larriagoa adingabeen kasuan…" Eta gaineratu dute hainbat erabiltzaile hasita daudela pentsatzen urteko abonuak bertan behera uztea "ezin delako baldintza horietan erabili".
Sozialistek diote ez dutela ulertzen egoera: "Ez dugu ulertzen zer gertatzen ari den eta zergatik ari den EH Bildu herritarrentzako funtsezko zerbitzuak denbora errekorrean degradatzen. Gure udalerriko bizilagunek ez al dute eskubiderik instalazio egokiez gozatzeko?" Eta gaineratu dute "agindutakoa ez dabiltzala betetzen".
Horregatik, Udal Gobernuari eskatu diote azter dezala "zerbitzuen murrizketarekin eta kalitatearen debaluazioarekin ekindako bideari". Halaber adierazi dute, tarifen igoerak zerbitzuaren kalitatea bermatu behar duela: "Egoera paradoxikoa da, zergak igo eta zerbitzuak murrizten dira. Nora doa gobernu-talde hau?".
Gobernuaren erantzuna
Zera erantzun du Udal Gobernuak: “Gogorarazi nahi dugu Pedro Sanchez buru den Espainiako Gobernuaren Errege Dekretu batek behartzen gaituela igerilekuko tenperatura 26 gradutakoa izatera. Ukrainako gerraren ondrioz sortutako krisi energetikoari aurre egiteko ezarritako neurrien artean aurkitzen da igerilekuen tenperatura mugatzea”.