Ane Herreroren mutilek bolada onean jarraitzen dutela berretsi dute gaur goizean Iturripen. Donibaneren bisita jaso dute arrasatearrek, eta lehenengo jardunaldian talde pasaitarraren aurka hamaika goleko diferentziaz galdu ostean, arantzatxoa kendu nahi izan dute etxekoek. Partidan sartzea kosta egin zaie arrasatearrei, eta buruz buruko defentsan zein taldeko defentsan aldaketak egin behar izan dituzte kanpokoak markagailuan ihes egin ez zezaten.
Atsedenalditik itzulitakoan nabari dira aldaketa horiek, eta taldea defentsan sendo ari denean, erasoan ere gauzak erraztu egiten dira. Oro har, nagusi izan da bigarren zatian Mugarri Ingou Arrasate, eta pasaitarren markagailuan gerturatzeko keinuren bat edo beste egin badu ere, etxekoak markagailuko tartea mantentzeko gai izan dira. Azkenean, 23 eta 21 irabazi du etxeko taldeak.
Ane Herrerok "balorazio positiboa" egiten duela adierazi du, "Donibanerekin berdintzea eta dinamika onean jarraitzea" lortu duelako taldeak. Aulkitik irten diren jokalarien lana ere nabarmendu nahi izan du entrenatzaile arrasatearrak: "Hasieratik irten ez diren jokalariek erantzun oso ona eman dute, eta horrek ere asko pozten nau". Datorren asteari begira, "taldea gogotsu" dagoela eta bigarren itzulian "lanean jarraitu eta bolada onari jarraipena emateko asmoz" daudela adierazi du Herrerok.