Arrasateko protokoloaren eragileek honakoa adierazi dute ohar bidez:
"Donostiako Udalak udaltzaingoaren bi lanpostutarako euskara eskatu zuen eta auzitegiak ebatzi du udaltzain izateko euskara maila jakin bat eskatzea diskriminatzailea dela. Oraingoan Donostiako Udalari egokitu zaio baina hurrengoa beste edozein izan daiteke, gurea tartean, oldarraldi judizialak ez baitu etenik. Botere judiziala hizkuntza-politikaren eskumena bereganatzen eta euskararen normalizazioa oztopatzen ari da, euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz. Izan ere, epaiak azpimarratzen du, Espainiako Konstituzioan oinarrituta, gaztelera dela hizkuntza ofiziala, herritar oroko ezagutu behar duena, eta, euskara, berriz, koofiziala. Bigarren mailako ofizialtasuna da euskararena eta, ondorioz, euskaldunak bigarren mailako herritar izatera kondenatzen gaituzte.
Gertaera larri hauen aurrean, mobilizazio soziala ezinbestekoa da, erabaki judizial hauek arriskuan jartzen baitituzte urte luzeetarako ahaleginari esker euskararen biziberritze prozesuan eta eskubide arloan lorturikoak. Hori dela eta, Arrasateko euskaltzaleak deitzen ditugu etzi, ostirala, 18:30ean, Herriko plazara hurbiltzera. Euskaraz bizi nahi dugu eta ez dugu eskubide murrizketarik onartuko!"