Otalora Lizentziaduna eta Ignacio Zuloaga kaleak lotuko dituen zebra-bidea

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko urt. 10a, 15:29

Zebra-bidea egingo duten gunea, Monterron parketik.

Oinezkoentzako pasabide berri bat egingo dute, Ignacio Zuloagaren 8. atariaren paretik Olarte kantoiraino, "modu zuzenagoan" gurutzatu ahal izateko, Gobernuaren esanetan. Obren exekuzio epea zortzi astekoa izango da eta horiek egiteko aurrekontua, 98.048,57 eurokoa (BEZa barne). 2024ko lehen seihilekoan egingo dituzte lanak.

Otalora Lizentziaduna eta Ignacio Zuloaga kaleak lotuko dituen zebra-bidea egingo dute eta, "oinezkoei segurtasun handiagoa emate aldera", Otalora Lizentziaduna kaleko zebra-bideak argia izango du. "Hau da, bideko marra horizontalak eta seinale bertikalak argiztatuko dira, gidariari oinezko bat hurbiltzen dela ohartarazteko", azaldu du Udal Gobernuak. Halaber, motorrentzako aparkaleku berriek ere gidari-oinezkoen ikuspena errazteko egokituko dituzte.

Era berean, lorategiko berdegunearen zati bat kenduko dute, oinezkoentzako espaloi bat sortzeko, eta edukiontzietarako irisgarritasuna hobetzeko. "Inpaktua leuntze aldera, zabalgune horri zuhaitz bi gehituko zaizkio".

Egingo duten esku-hartzearen planoa.

Auzotarren eskariari erantzunez

Udal Gobernuak azaldu duenez, ikusi dute herritar batzuek errepidea "puntu desegokietatik" gurutzatzen dutela, eta "segurtasun arazoak" sortzen dituztela. "Gainera, bizilagunak behartuta daude itzulinguru bat egitera zaborra botatzeko, erdiko irlatxotik baino ezin baita zaborrontzia erabili. Horri dagokionez, irlatxoan dauden edukiontzietarako sarbidea hobetu nahi da, inguratu beharrik edo gurutzatze desegokirik ez izateko".

Horregatik, inguruan bizi diren herritarrek eskatua zuten gune horretan zebra-bidea egitea. "2022an azterketa egitea ontzat eman bazen ere, 2023ko aurrekontuek ez zuten aurreikusten zebra-bidearen exekuzio obrarik. Udal Gobernu berriak, kreditu aldaketaren bitartez, zebra-bide berria egitea bideratu du", adierazi du Kepa Urteaga Auzoen eta Obra, Zerbitzu eta Mantentze saileko zinegotziak.

Lehen seihilekoan gauzatuko dute

Proiektua dagoeneko lehiaketa fasean dago, eta eskaintzak aurkezteko azken eguna urtarrilaren 16a izango da, 18:00etan. Behin lehiaketa ebatzita, obrak hasten direnean, enpresak zortzi asteko exekuzio epea izango du. Obrak 2024ko lehen seihilekoan egitea aurreikusten du Gobernuak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak