6.000 egutegi banatuko ditu Arrasateko Udalak herritarren artean

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 27a, 08:45

Gaurtik aurrera doan eskuratu daitezke herriko denda eta tabernetan Artgazki eta Arrasateko Udalak elkarlanean osatu dituzten egutegiak. Arrasateko jai egunak; kirol, kultur, festa eta ospakizunak; ilargi eta tenpora egutegiak, nahiz urtaro aldaketen egunak daude jasota.

Arrasateko Udalak adierazi du, egutegien banaketa herritarren eta komertzio txikiaren arteko harremana estutzeko baliatu nahi izan dutela: "Auzoan edota inguruan ditugun komertzio txikiak herritarrarengana gerturatu, eta hauek dituzten eskaintzak ezagutu eta ezagutzera emateko; gertuko dendek ematen duten erraztasun eta konfiantzazko zerbitzuez jabetzeko aukera, hain zuzen".

Egun garrantzitsuak jasota

Arrasateko jai egunak jasotzeaz gain, bestelako kirol, kultur, festa eta ospakizunak daude jasota egutegian. Jai eta ospakizunen artean daude San Juanak, Aratusteak, Maritxu Kajoi edota Santamasak; baita auzoetako jaiak ere.

Kirol ekitaldien artean, berriz, Arrasate-Udalatx mendilasterketa, Musakola BTT, Errugbi txapelketa, Mondranbike, AIBA! edota San Silbetre krosa jasotzen ditu egutegiak. Kultura ekitaldietan, berriz, Mondra&Roll jaialdia, Arrasate Blues, Oreixe Akustikoa, Gaba Baltza edota Olentzeroren irteerak.

Udala eta Artgazki elkarlanean

Egutegian ikus daitezkeen argazkien aukeraketa Artgazki taldeak egin du. Udalak jakinarazi du, bost epaimahaikide egon direla eta horien artean zeudela Udaleko, Artgazki elkarteko eta herriko komertzioko ordezkari bana nahiz kulturarekin lotura zuzena duten bi pertsona.

Guztira 130 argazki inguru aurkeztu dira eta 13 izan dira sailkatuak egutegian jartzeko, hilabete bakoitzeko argazki bana, eta azaleko irudirako beste bat. Argazkiak aurkezteko baldintza bakarra Arrasaten kokatuak izatea zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak