Ander Muruak (Arrasate, 24 urte) Abanca-DV txapelketako finalean txapela jantzi du Azpi- rozekin batera. Hala, 2018an galdutako finaleko arantza ate- ra ahal izan du. Amateur mailan dihardu, eta urte borobila egin du, nahiz eta 2023a errematatzea falta zaion. Bi final joka ditzake oraindik.
Egubakoitzean Uarkapeko harmailetan Eskuz Binakakoa ikusteko asmorik bai?
Bai; bezperan partidua daukat, eta baita zapatuan ere. Horren- bestez, ezingo dut parrandarik egin. Baina frontoian sekulako giroa egoten da eta joateko asmoa dut, bai.
Norberaren herrira profesionalak datozenean... inbidia izaten da?
Egia esan, apur bat bai. Kantxan egon nahi izaten du norberak ere, baina tira, partidua ikusten gozatuko dugu.
Esan duzu ezingo duzula parrandarik egin...
Urtero pasatzen zait gauza bera. Edo sanjuanetan, edo maritxu- tan, santamasak... Torneoren bat beti egokitzen zaigu parean. Tira, ohituta gaude, eta pilotak du lehentasuna.
Profesionalekin ere ibiltzen zara entrenatzen... Altunak Lau eta Erdiko finala zurekin prestatu zuen.
Hutsuneren bat baldin badute deitzen naute, bai, eta ni pozarren joaten naiz. Halaxe da, Etxeberriaren kontrako finala jokatu aurretik, Altunarekin entrenatu nintzen aste barruan. Halakoak bizitza osoan gogoratzen diren momentuak dira; finala bera ere beste modu batera bizi izan nuen.
Zer moduzko urtea izan da 2023a?
Oso ona izan da; esango nuke inoiz baino hobeto nagoela. Ekainera arte maila politean jardun nuen eta udan ere ondo ibili nintzen. Abuztuan, baina, hiru astez gelditu behar izan nuen, atzamarrean nuen fisura bat osatzeko, eta gelditze hark on egin zidan. Esango nuke udan geratu izanagatik nagoela orain txispa politarekin.
Kazetariok nekagarri samarrak ere bagara, baina profesionaletara salto egiteko ametsak hor segitzen du?
Duela bi urte galdetu izan bazenit, ezetz esango nizun, baina azken urtean pilotari helduagoak ikusi ditugu profesionaletara salto egiten. Inoiz ez da espe- rantza galtzen, nahiz eta horrek ez nauen itsutzen.