Herrian eta euskaraz salerosetaren alde azaldu da Arrasateko Udala

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 19a, 09:28

Gabonak? Arrasaten, gure herrixen! lelopean, tokiko merkataritzari keinu egiten dion iragarkia argitaratu du Arrasateko Udalak. Sportak Arrasate merkataritza-gune handi gisa irudikatzen du: dozenaka plan eta aukera eskaintzen dituen espazio ireki eta zabal gisa, alegia.

Ikus-entzunezkoaren helburua da komertzio txikiari bultzada ematea, saltoki eta saltzaileen lana balioan jarriz, arrasatearrak herriko denda txikietan erostearen garrantziaren inguruan kontzientziatzeko eta Gabonetako erosketak herrian bertan egitera animatzeko. "Izan ere, Arrasateko Udalak herriko saltokien aldeko apustu irmoa egiten du eta spotaren bitartez, gertukoa zaintzeko mezua zabaldu nahi du Udalak herrian".

Herriko hainbat dendarik, tabernarik, pertsona zein kultur eragilek hartu dute parte eta Udalak esker mezua eskaini die guztiei, "haien inplikazio eta lanagatik".

'Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz' kanpainara batu da

Halaber, beste urte batez, Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz kanpainara batu da Udala. "Tokiko merkataritza indartzeaz gain, Arrasateko Udalak euskararen aldeko apustua ere berretsi du, kanpainara batuz eta euskararen eta tokiko merkataritzaren aldeko apustua uztartuz".

Kanpainaren helburua da herritarrak aktibatzea, erosketak egin edo kontsumitzeko unean euskara erabil dezaten. Eta herritarrez gain, merkatari edota ostalariak ere aktibatu nahi ditu, horiek ere euskaraz egin diezaieten herritarrei. "Kanpainak, beraz, helburu bikoitza betetzen du: euskara sustatzea batetik eta herritarrak herriko establezimenduetan kontsumitzera animatzea, bestetik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak