Urtarrilaren 2an, 3an eta 4an egingo dute Txikilandia eta, horrekin batera, baita ekintzen laborategia ere, 9 urtetik gorakoei bereziki zuzendutako egitasmoa. "Bertan, aurre-nerabeen artean arrakastatsuak diren ekintzak egingo ditugu beraien nahi eta beharrak kontuan hartuz", azaldu dute Txatxilipurdiko kideek.
Orain arte Uarkape pilotalekutik atera izan dute ekintzen laborategia, antolatzaileek azaldu dutenez, baina aurten aldaketa txiki bat egingo dute. "Beraientzako espazio propio bat izatea nahi izan dugu orain arte, baina, beraien iritziak aintzat hartuz, Txikilandia egitasmoan txertatuko dugu ekintzen laborategia eta Uarkapeko eskuineko errebotea erabiliko dugu 9 urtetik gorakoei tailer bereziak eskaintzeko", nabarmendu dute.
Tailerrak aurre-nerabeek erabakitakoak izango dira, izan ere, Haurren Kontseiluan parte hartzen duten ordezkariekin baturik landu dute gaia. "Ordezkariak zein gelakideak izan dira ideiak proposatu dituztenak. Aurten, guztien iritziak kontutan hartuz antolatu dugu ekintzen laborategia", diote Txatxilipurditik.
Hiru eguneko festa
Egitarauari dagokionez, Musakolako igerilekuan abiatuko dute Txikilandia 2024, urtarrilaren 2an, eta hiru gune izango dituzte. "Igerileku handian puzgarriak izango dira haurren gozamenerako eta, 11:30etik aurrera, ur-jolas dinamizatuak. Igerileku txikian, berriz, 0-6 urte arteko haurrei eta beraien laguntzaileei egokitutako jolasak egingo ditugu ordu berean". Ur-parkea 10:30etik 13:30era egongo da zabalik.
Arratsaldean, Uarkapen, rokodromoa, jolas parkea, 0-4 gunea, ohe elastikoak, puzgarriak, karaokea, gela iluna eta oreka pasabidea gunea izango dituzte. Gaztetxean, berriz, aurpegi margotzea eta sormen gunea egongo dira. Ekintzen laborategian, Ihesbidea eta Look aldaketa tailerra egongo dira.
Urtarrilaren 3an, Uarkapen eta gaztetxean egongo dira, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. 11:00etan, ekintza berezi bezala, familian egiteko yoga saioa izango dute jolasgunean. Ekintzen laborategian, aldiz, goizez arte txokoa eta arratsaldez eskulanak egiteko tailerra.
Potx eta Lotxen emanaldia
Azken egunean, 10:30etik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara, Uarkapeko jolas parkea zein gaztetxean aritzeko aukera egongo da eta 19:00etan, Txikilandiari itxiera emateko, Potx eta Lotx pailazoen ikuskizuna egongo da Uarkapen (arratsaldean gaztetxean ez da tailerrik egongo). Era berean, ekintzen laborategian, goizez erronka jolasak egongo dira eta arratsaldez, eskalada tailerra. Ekintzen laborategiari itxiera emateko, aldiz, DJ Goikorekin disko festa egingo dute gaztetxean. "Uarkapeko ikuskizuna zein gaztetxeko disko festa ekintza irekiak izango dira eta ez da sarrerarik ordaindu beharko. Hala ere, gonbidapenak leihatilan eskuratu beharko dira urtarrilaren 4an bertan eta mugatuak izango dira", adierazi dute Txatxilipurditik.
Eguneroko ekintza finkoak
Halaber, badira hiru egunetan egongo dira hainbat ekintza ere. 12:00etan eta 18:00etan, ipuin kontaketak eta karaokea egongo dira. "Ipuin kontaketak gune ezberdinetan izango dira eta karaokea, kantxa nagusian". Askotariko produktuen zozketa ere egingo dute egunero, parte-hartzaileei sarreran egingo dieten galderak erantzunez. "Herriko komertzio eta enpresek emandako produktuak zozketatuko ditugu".
Bonuak ere egongo dira
Sarrera 3 eurokoa izango da 1-3 urte artekoentzat eta 4 eurokoa, berriz, 4 urtetik aurrerakoentzat (helduek, doan). Edozelan ere, hiru egunetarako bonuak eskuratu ahal izango dira: 1-3 urte artekoentzat 5,5 euro eta 4 urtetik gorakoentzat, 9 euro.
Potx eta Lotxen ikuskizuna, esan moduan, doakoa izango da, nahiz eta sarrera mugatuak izan. Heldu bakoitzeko gehienez bost sarrera eskuratu ahal izango dira eta helduek ere sarrera beharko dute.
Disko festa ere ez da ordaindu beharko eta 9 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da. Pertsona bakoitzak gehienez bost sarrera eskuratu ahal izango ditu.