Ander Murua arrasatearra, txapeldun Abanca-DV torneoan

Txomin Madina Milikua 2023ko abe. 16a, 19:51

Muruak eta Adrian Azpirozek osatutako bikoteak 22-19 irabazi dio Iker Egiguren eta Aingeru Bernaolak osatutakoari.

Gaur goizean Zumarragan jokatu den finalean 22-19 irabazita, Ander Murua arrasatearrak eta Adrian Azpirozek jantzi dute DV-Abanca torneoko txapela. Iker Egiguren eta Aingeru Bernaola izan dituzte aurkari.

Partidaren lehen minutuak berdinduta joan diren arren, momentu batean 19-11 jarri dira aurretik Murua eta Azpiroz. Kontrakoek, baina, ez dute amore eman eta 19-19 berdintzea ere lortu dute. Hortik aurrera  azkenean txapela jarri duen bikotea izan da nagusi, garaipena eman dieten hiru puntuan segidan eginda.

"Pozik nago garaipena lortu izanagatik, torneo onena ez bada, onenetakoa delako. Horrelako txapelketa bat irabaztea beti da polita". Azpirozekin osatutako bikotea gutxitik gehiagora joan dela gaineratu du: "Tolosako finalerdiko partiduan hobeto ulertu genuen elkar, eta gaurko finalean oso ondo ibili gara".

Muruak, baina, ez du txapelaz gehiegi gozatzeko aukerarik izango, datozen egunotan beste hainbat partidu dituelako: eguenean, abenduaren 21ean, Zaldibarko torneoko finalerdia jokatuko duelako; eta zapatuan, abenduaren 23an, Soroa torneoko finalerdia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak