Jostailu Truke Merkatua egin du Txatxilipurdi elkarteak hogeigarrenez

Idoia Aranbarri Arzuaga 2023ko abe. 16a, 16:29

Hogeigarren urteurrena du Txatxilipurdi Elkarteak Gabonen atarian egiten duen azokak eta, urtero moduan, jostailuak batu eta Jostailu Truke Azoka jarri dute Biteri plazan gaur goizean. Txatxilipurdik aurtengo bilketaren balorazio positiboa egin du; izan ere, 331 jolas jaso dituzte azken asteetan.

Haur eta gazteek jostailua uztearekin batera jaso dituzten truke txartelak beste jostailu batzuengatik aldatu ahal izan dituzte gaur goizean Txatxilipurdi elkarteak Biteri plazan jarri duten Jostailu Truke Merkatuan. Dagoeneko 20. urteurrena du ekimenak eta Txatxilipurdiko Arantza Osoro kideak azaldu du urtetik urtera geroz eta jostailu gehiago jasotzen dituztela: "Iaz 300 inguru jaso genituen eta aurten 331 jaso ditugu. Denetarik jaso dugu: puzzleak, mahai-jolasak, panpinak, txikitxoendako jolasak... Patinak eta patineteak ere bai".

Jostailuei bigarren bizi bat ematea du helburu ekimenak, baina baita haurrengan trukearen balioa sustatzea ere. Osororen hitzetan, trukearen bitartez ere "asko" ikasten da eta etxeko txikiek jostailu trukearen bidez ikas dezakete jostailu berriak lortu ditzaketela; ez dutela zertan jostailu berria erosi behar. Horrekin batera, haurrek euren jostailuak egin ahal izan dituzte Txatxilipurdiren tailerrean: "Horrela ere ikus baitezakete norberak egindako jostailuak ere erostea edota trukatzea bezain baliogarriak direla".

Ekintza gehiago Biterin

Jostailu Truke Azoka ez da Biteri plazan egin duten ekintza bakarra. Arrasateko Udalak, Txatxilipurdik, Ibai-Arte eta Santamas Komisiñoak antolatuta puzgarrietan ibiltzeko aukera izan dute haur eta gazteek. Horrekin batera, pandero tailerra egin dute Kulturolan. Festan arratsaldean ere jarraituko du, eta arratsaldeko zortziak bitartean haur eta gaztetxoendako jolasak egongo dira eta Udalatx, ura eta atxa dokumentala izango da ikusgai Amaia Antzokian 18:00etan –euskaraz– eta 19:00etan –gaztelaniazko azpitituluekin–.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak