Boliñeteko espaloia handitzeko zuhaitzak bota izanak eztabaida piztu du Arrasateko EAJren eta Udal Gobernuaren artean

Txomin Madina Milikua 2023ko abe. 15a, 22:22

Argazkia: Arrasateko EAJ

Arrasateko EAJk salatu du Udal Gobernuak "ez duela koherentziarik" erakutsi Boliñeten bota berri diren arbolekin, 2019an EH Bilduren bozeramaile zela Maider Morrasek desadostasuna adierazi zuelako Araba Etorbideko eraberritze lanengatik zuhaitzak mozten ari zirelako.  Arrasateko Udal Gobernuak, aldiz, zehaztu du Boliñeteko proiektua 2023ko apirilaren 20an onartu zela, gobernuan EAJ eta PSE zeudela, eta uste dutela ez dela zilegi "norbere erabaki eta akatsak" besteei leporatzea.

Boliñete eta Muxibar arteko espaloia handitzeko atzo, abenduak 14, hainbat zuhaitz bota izanaren harira zabaldu duen prentsa-ohar baten bidez, Arrasateko EAJk "kezka eta nahigabea" adierazi du EH Bilduk eta Elkarrekin Arrasatek osatutako Udal Gobernuaren "koherentzia faltagatik eta kontraesanengatik". Hirian azpiegitura eta espazio publikoa "hobetzearen garrantzia" ulertzen eta babesten dutela azaldu dute, baina ezin dutela alde batera utzi nahi Udal Gobernuaren "koherentzia falta eta kontraesana" , argudiatuz atzo zuhaitz horiek moztea saihesteko “urrats bakar bat ere” ez duela eman Udal Gobernuak.

Izan ere,  jeltzaleek esan dute gogoan dutela egungo alkate Maider Morrasek 2019an, EH Bilduren bozeramailea zela, desadostasuna adierazi zuela eraberritze lanen ondorioz Araba Etorbidean zuhaitzak moztu zituztelako. Zehaztu dute une horretan Morrasek esan zuela bihotz-min handia eragiten ziela zuhaitzak mozteko erabakiak eta EH Bildu aurka zegoela.

"Koherentziarik eza nabaria da oposizioan egindako adierazpenen eta gobernuan hartutako ekintzen artean. Oposizioan zuhaitzak moztearen aurkako jarrera irmoa adierazten zen bitartean, gobernuan urteetan zehar gure inguruan izan diren zuhaitzak mozten dira", nabarmendu dute jeltzaleek.

Zentzu horretan, gaineratu dute Arrasateko EAJrentzat erabakiak hartzeko orduan "koherentzia eta gardentasuna funtsezkoak" direla herritarren konfiantzari eusteko eta udalerriaren garapen iraunkorra bermatzeko. "Udal Gobernuari eskatzen diogu bere ekintzak berrazter ditzala eta azpiegitura hobetzea ahalbidetuko duten alternatibak bila ditzala, Arrasateko natura-ondarea arriskuan jarri gabe", adierazi dute jeltzaleek. 

Udal Gobernuaren erantzuna

Arrasateko EAJtik egindako salaketei erantzunez, Udal Gobernutik adierazi dute "harrituta" daudela jeltzaleek argitaratu duten kritikarekin. Azpimarratu dute Boliñeteko espaloiaren proiektua 2023ko apirilaren 20an onartu zela, gobernuan EAJ eta PSE zeudela, eta uste dutela ez dela zilegi "norbere erabaki eta akatsak besteei leporatzea". Udal Gobernutik nabarmendu dute, era berean, proiektua EKIDEren sustapen pribatua dela.

"Uste dugu honelako adierazpenek ez diotela mesede egiten politikagintzari; are gehiago, krispazioaren politika elikatzen dutela uste dugu", esan dute Udal Gobernutik, eta gaineratu: "Eskua luzatzen diogu oposizioari, beste behin, elkarrekin lan egin dezagun Arrasatek dituen erronkei erantzun eta jarrera eraikitzailean elkarlanean jarduteko".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak