Tentsio handiko bizitegi-eremu izendatu daiteke Arrasate

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko abe. 15a, 13:35

Jaurlaritzak egun hauetan bidaliko dio prozeduraren berri emateko informazio gutuna Udalari, eta eskaera egin nahi izan ezkero, berari dagokio urratsak egitea. Tentsio handiko gunetzat izendatuz gero, ondorioak izango ditu maizterrentzat eta etxebizitzak errentan jartzen dituztenentzat.

Tentsio handiko bizitegi-eremu izendatu daitezkeen herriak identifikatzeko lanean aritu da Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila, eta, tartean da Arrasate. Udalak, beraz, herriko etxebizitzen alokairuen prezioak mugatzeko aukera izango du. Alabaina, Udalari dagokio horretarako urratsak egitea. Lehendabizi, eskaera formala egin behar dio Jaurlaritzari, hiru dokumentu aurkeztuta: batetik, eremuaren mugak; bestetik, eremuan behar adina etxebizitza eskaintzeko aukerarik ez dagoela ziurtatzen duen memoria; eta, azkenik, hiru urterako ekintza plana, hautemandako gabeziei erantzuteko. Behin hori guztia eginda, prozedurari hasiera emango dio Jaurlaritzak.

Hain zuzen, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan dauden 251 udalerrietatik 41 izendatu daitezke tentsio handiko eremu: Araban, guztira bi udalerrik betetzen dituzte horretarako baldintzak; Bizkaian, hemeretzi identifikatu dituzte; eta, Gipuzkoan, berriz, hogei.

Izendapenak dakartza ondorioak

Eremu bat tentsio handiko eremu izendatuz gero, ondorioak ditu maizterrentzat eta etxebizitzak errentan jartzen dituztenentzat. Kontratua amaitzen zaien maizterrek, esate baterako, aparteko luzapena izan dezakete, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan; luzapenak, gehienez ere, hiru izango dira. Maizter berriek, berriz, aurreko kontratuaren errentara mugatuko du alokairuaren prezioa, urteko eguneratze klausula bat ezarrita. Horrez gain, azken bost urtean alokatu gabe egon den etxeen kasuan, prezioak ezingo du erreferentziazko prezioen indizeen sisteman aplikatutako muga gainditu. Tentsio handiko eremuetan, gainera, etxejabe handitzat hartuko dira bost etxe dituztenak, eta ez hamar. 

Udalak eskaera egin eta Jaurlaritzak hala ebatziz gero, eremu bat hiru urtez izan daiteke tentsio handiko gune, luzatzeko aukerarekin; izendapenak eragindako baldintzek berdin jarraituz gero, behintzat. Bada, Jaurlaritza egun hauetan hasiko da udalei informazio gutunak bidaltzen, prozedurarekin hasi nahi izan ezkero eman beharreko pausoen berri izan dezaten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak