Domekara arte bozkatu daiteke Gabonetako erakusleiho lehiaketan

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko abe. 12a, 12:27

Josleren erakusleihoaren zati bat, QR kodearekin.

33 establezimenduk eman dute izena eta dagoeneko eman daiteke botoa, udal webgunean. Herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du eta sari banaketa abenduaren 21ean izango da.

Erakusleihoek Gabonei keinu eginez apainduta egon beharko dute, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra arte. "Horretarako ezinbestekoa da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu edo genero diskriminaziorik ez izatea eta dendako salgaiak erakusleihoan jartzea. Epaimahaiaren lana errazteko, lanegunetan erakusleihoak 21:00ak arte argiztatuta eduki behar dira", azaldu dute Udaletik.

Hamar sari banatuko dituzte

Lehiaketaren baitan hamar sari banatuko dituzte: horietako lau epaimahaiak erabakita; herritarren saria; haur eta gazteen saria eta lau aipamen berezi; azken horiek ere epaimahaiak erabakitakoak.

Lehen saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena, 700 eurokoa; hirugarrena, 600 eurokoa eta laugarrena, 500 eurokoa. Aipamen bereziak, halaber, hurrenkeran epaimahaiaren boto gehien jaso dituzten hurrengo lau erakusleihoei emango dizkiete, eta bakoitzak 200 euroko saria jasoko du.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeak, apainketan, diseinuak edo erakusleiho-apainketan aditua den pertsona batek eta Ibai-arte merkatarien elkarteak. "Saridunak erabakitzeko kontuan hartuko dira erakusleihoan Gabonetako giroa islatzea eta erakusleihoa jartzerako garaian izandako irudimena, originaltasuna, lanketa edota estilismoa, besteak beste".

Herritarren eta haur eta gazteen Saria

Arrasatearrak izango dira, bozka bidez, erakusleiho gustukoena aukeratuko dutenak. Herritarren saria norabide bikoitzekoa izango da, hau da, erakusleiho bat saritzeaz gain (500 euro), bozka ematen duten herritarrek ere saria jaso ahal izango dute, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 120 euroko bost bonu zozketatuko baitituzte.

Haur eta Gazteen Sariari dagokionez, 16 urte arteko arrasatearrek gehien bozkatutako erakusleihoari emango diote. Kasu honetan ere, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten haur eta gazteen artean Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 50 euroko bost bonu zozketatuko dituzte.

Bi kasuetan, bozka telematikoki eman beharko da, udal webgunearen bitartez, abenduaren 11tik 17ra arte eta herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du.

Edozein kasutan, establezimendu batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi. Horregatik, epaimahaiaren saria jasotzen duten lehenengo lauak, herritarren saritik eta haur eta gazteen saritik kanpo geldituko dira.

Honako hauek dira izena eman duten establezimenduak:

  1. Belun
  2. Kapikua
  3. Jose Ramon Otamendi harategia
  4. Elkoro Osagarriak
  5. Xarma
  6. Eskuz
  7. Josle
  8. Portaloi optika
  9. Lasagabaster
  10. Musakola Farmazia
  11. Peluquería toñi y sandra
  12. Intersport Loramendi (Maiatzaren Bata plaza).
  13. Intersport Loramendi (Garibai)
  14. Xalo
  15. ennea
  16. Elena moda
  17. Arrasate Optika optometria zentroa.
  18. Sikol lentzeria
  19. Angela estetika zentroa
  20. Resusta-Karrikiri
  21. Gare loradenda
  22. Bea Lentzeria
  23. Losada diseinu obraka
  24. Altuna lurrindegia
  25. Kili-Kolo
  26. Ume
  27. Amaia Albes
  28. Santa Marina Farmazia
  29. Traskilon
  30. Itxaso Mertzeria
  31. Zarraoa lurrindegia
  32. KIDS&US Arrasate
  33. Feli janari denda

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak