Espainiako Kyokushinkai txapeldun dira Aitor Madinabeitia eta Irati Izurrategi. Izurrategik Kumite kadete mailan hartu zuen esku (14-15 urte, 50 kilo azpikotan). Eta Madinabeitiak Kumite senior mailan –70 kilo azpikotan–. Eta, biek ala biek egin zuten lan azpimarragarria. Hala, bistan da Munduko Txapelketara begira udatik egindako lana ez dutela berehalakoan galdu, eta oraindik ere sasoi betean daudela. "Hilabete hauetan egin duten lanaren fruitua da, merezi dituzte lortutako garaikur horiek", adierazi du Saioa karate taldeko ordezkari Carlos Sanchezek.
Madinabeiitiak txapelketa bikaina egin zuen, esperientziak ematen dion maila eta sendotasuna erakutsi zuen. Lehen txandan K.O baten bitartez irabazi zuen, eta hurrengo borrokaldia ere irabazi egin zuen. Finalerdietan, lehen erasoan berdindu ondoren, txapelketako bere bigarren K.O-a iritsi zen luzapenean. Horrela, finalean sartu zen, eta berriro erakutsi zuen zein sasoi onean dagoen. Finalean, lehen erasoa berdindu ondoren, luzapenean nagusitu eta garaikurra irabazi zuen.
Iratik ere maila bikaina
Irati Izurrategi ez zen atzean geratu, eta hark ere txapelketa borobila jokatu zuen. Lehen txandan nagusitu eta gero, finalerdietan lehen asaltoan irabazi zuen. Finala, berriz, nahiko parekatua izan zen, galtzen hasi zen, baina lehen erasoa berdintzea lortu zuen hanketako teknikagatik. Horren ondorioz, borroka Iratik irabazi zuen.