Jokaldi eztabaidagarri batek garaipenik gabe utzi du MU (83-84)

Iñigo Barrena Kortabarria 2023ko abe. 3a, 21:20

Kanpotarrek azken segundoan egindako jaurtiketa falta izan dela adierazi dute epaileek, baina arrasatearrak, jaurtiketa hori arauzko denboratik kanpo izan dela kexatu dira.  Epaileek ez dute halakorik onartu eta jaurtiketa libreak saskiratuta, Pas-Pielagos taldeak eraman du neurketa

Sailkapeneko laugarren taldearen bisita izan du gaur MUk Iturripen. Pas-Pielagos bolada onean dagoen taldea da eta partidu lehiatua eta estua izan da Iturripeko kantxan jokatutakoa. Neurketa edoizen aldetara joan zitekeen, markagailuan gorabehera asko egon baitira neurketan zehar. Hirugarren eta laugarren laurdenean etxekoek abantaila hartzea lortu dute birritan, baina bi kasuetan Pas-Pielagosen susperraldia etorri da markagailuan aurrea hartzeko.

Neurketa amaitzeko segundo gutxi falta zirela, 83-82 jartzen zuen markagailuan, eta orduan iritsi da jokaldi eztabaidagarria. Kanpotarren azken baloi jabetzan, lehen jaurtiketa bat egin ostean, MUko jokalariek ez dute lortu baloiaren jabetza; kanpotarren bigarren saiakeran epaileek falta adierazi dute, baina MUko jokalari eta teknikariek, jaurtiketa hori arauzko denboratik kanpo izan dela kexatu dira. Epaileek, ostera, ez dute halakorik ikusi eta kanpotarrentzat jaurtiketa libreak adierazi dituzte. Biak asmatuta, partidua kanpotarrentzat izan da. MUko jokalariak, teknikariak, eta, Iturripera gerturatu diren zaleak, oso haserre agertu dira epaileek hartu duten erabaki polemikoarekin.

Danel Ozaeta arrasatearren bigarren entrenatzailea penaz agertu da neurketak horrela ihes egin dielako: "Uste dut ondo landutako partidua izan dela eta tristura ematen du horrela galtzeak, ez genuen horrelako amaierarik merezi".  Polemikak alde batera utzita, Ozaetak aitortu du, partiduan "ondo eta gaizki" egindakoetan jarri behar dutela fokua orain, aurrera begira, hobetu beharrekoak zeintzuk diren jakiteko, eta ondo egin dituztenak aprobetxatzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak