Goialdean dauden bi talderen arteko neurketa izan da gaur Mojategin jokatutakoa. Arrasate Rugby Taldeak bigarren sailkatua zen Uni Bilbao Rugby taldearen bisita izan du eta merezimendu osoz eskuratu du garaipena. "Sekulako garaipenak ari gara lortzen etxean. Orain arteko partiduetan kosta egin zaigu, baina gaur hasieratik lan handia egin dugu. Lehen itzuliko azken aurreneko neurketa zen eta oso garrantzitsua zen aurrera ateratzea" dio Xabier Gardoi jokalariak.
Lehen zatian entsegu bat egitea lortu dute etxekoek eta ondorengo zigor kolpean ere asmatu egin dute; taldelan ona eginda, aukera gutxi eman diete aurkariei. Bilbotarrak jokalari bat gutxiagorekin gelditu dira lehen zatian, eta Xabier Gardoi taldeko kapitainak aitortu du, hor izan dutela aukera abantaila "handitzeko" baina ezinezkoa izan da.
Dena dela, bigarren zatira ere indartsu irten dira etxekoak eta beste bi entsegu egitea lortu dute; zigor kolpeetan, berriz, bakarra asmatu dute. Laugarren entsegua egiteko lanean aritu dira arrasatearrak, hain zuzen laugarren entseguarekin bonus-a lortuko zutelako, eta, Gardoik adierazi du "arantza" hori gelditu zaiela partiduaren ostean: "Sentsazioa dugu puntu horrek ihes egin digula, baina nahikoa egin dugu etxean irabazten, eta orain aurrera begira jarri behar gara". Neurketaren amaieran kanpotarrek aldea murriztea lortu dute entsegu baten bitartez, baina ez dute zigor kolpean asmatu, eta, 19 eta 5 amaitu da partidua.
Indartsu bigarren itzulirako
Lehen itzulia amaitzeko Durangoren aurkako neurketa besterik ez zaie falta, baina orain arte egindako lanarekin "oso pozik" daudela aitortu du taldeko kapitainak. Bigarren itzulian ere bide berean jarraitzeko asmoarekin daude Kanpazar ART taldekoak: "Jende gutxirekin hasi genuen liga eta lehen itzulia ederto atera dugu. Bigarren itzulira begira indartsu gaude".