Orain arte galdu dituen partiduetan (4) EBA mailako Mondragon Unibertsitateak ez du aparteko egurrik jaso; ez, behintzat, markagailuari begira. Arrasatekoak maila politean dihardute, eta, iaztik hona izan dituzten bajak eta min hartuta dituzten jokalarien hutsunea igartzen badabiltza ere, talde lehiakorra da.
Joan den astean, baina, Burgosko talde Grupo Santiago askoz ere gehiago izan zen (84-55) –nabarmentzekoa izan zen talde kontrarioko Mike Mukendik egindako lana, 22 puntu eskuratuta–. Etxekoen partetik, berriz, MUko jokalariek zenbaki apalak batu zituzten, eta Aitzol Lagunilla izan zen gehien nabarmendu zenetako bat, 10 puntu eta 10 erreboterekin.
Pas Pielagos, kontrario indartsua
Aurreratu moduan, Mondragon Unibertsitateko mutilek domekan etxeko zaleen aurrean (18:30, Iturripe) izango dute aurrera begira jarraitzeko aukera. Eta ez dute edonolako kontrarioa izango, Kantabriako Pas Pielagosek bi partidu baino ez dituelako galdu ligan, eta laugarren postuan daude sailkapenean. MUkoak, berriz, erdiko postue tan daude.
MUko neskak, Zornotzara
MUko neskek, kontrara, asteburuko garaipenak (101-57) utzi dien zapore onari jarraipena eman nahi diote Zornotzan. Bizkaitarrek moreek baino bi puntu gutxiago dituzte, ligan hiru partidu irabazi eta gero –Arrasatekoak, aldiz, bost irabazi dituzte–.
Biotz Aloña Mendik, etxean; Soraluce Bergarak kanpoan
Euskadiko bigarren mailan, berriz, Biotz Aloña Mendik Zubikoan jokatuko du domekan. Ordiziarren bisita izango dute, eta horiek ere beheko postuetan daudela jakinda, txantxikuak partidua irabaztea posible dela sinistuta kantxaratuko dira (12:00). Kontrara, Soraluce BKEk laugarren dagoen Indautxuren kantxan jokatuko du (domekan, 12:15, Bilbo).