EAJ "kezkatuta" dago Gabonetako dekoraziorik ez dagoelako

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 29a, 16:46

Gabonetako argiak, iaz, Arrasaten.

Arrasateko EAJ-PNV udal taldea "kezkatuta" azaldu da "Gabonen aurreko egunetan" herrian Gabonetako dekoraziorik ez dagoelako. "Garai berezi honetan dekoraziorik ez izateak oso eragin negatiboa izan dezake gure merkatariengan eta ostalariengan, neurri handi batean Gabonetako salmentak oso garrantzizkoak baitira eurentzat".

Jeltzaleek adierazi dutenez, tradizioz, aurreko urteetan, argiak eta jai-dekorazioa abenduaren hasieran pizten zituzten, "eta horrek udalerrian jai-giroa eta giro alaia sortzen laguntzen zuen". Gaineratu dute aurten, "Gabonetako denboraldira hurbildu arren", ez dutela dekoraziorik jarri Arrasateko kaleetan. "Abenduaren erdialderako dago programatuta argiak piztea, eta horrek esan nahi du, abenduko lehen asteetan, udalerriak ez duela Gabon jai-girorik izango".

Horrez gain, zera adierazi dute: "Badakigu EH Bilduren eta Elkarrekin Arrasateren Udal Gobernu berriak Gabonetako dekoraziorako argi berriak erosi dituela, baina kezkatzen gaitu instalazioa behar baino gehiago atzeratzeak. Egoera horrek Udal Gobernuaren kudeaketa txarra islatzen du, ez baita behar bezala planifikatu Gabonetarako garaiz egongo dela bermatzeko". Modu horretan, dekorazioa jartzeko prozesua bizkortu dezala eskatu diote Gobernuari.

Udal Gobernuak egubakoitzean emango du Gabonetarako prestatutako egitarau zabalaren berri, prentsaurreko bidez. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak