Abenduaren 11n abiatuko dute Gabonetako erakusleiho lehiaketa

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 28a, 18:23

Iazko erakusketetako bat.

Lehiaketaren bitartez, herriko erakusleihoak apaintzeaz haratago, Arrasateko kaleetan Gabon giroa piztea da helburua, Udalak adierazi duenez, "merkataritza zein ostalaritza sustatu eta, eguberrietan ere, tokiko kontsumoa bultzatzeko". Abenduaren 1etik 10era eman beharko dute izena establezimenduek.

Erakusleihoek Gabonei keinu eginez apainduta egon beharko dute, gutxienez, abenduaren 11tik urtarrilaren 6ra arte. "Horretarako ezinbestekoa da euskararen erabilera kontuan hartzea, sexu edo genero diskriminaziorik ez izatea eta dendako salgaiak erakusleihoan jartzea. Epaimahaiaren lana errazteko, lanegunetan erakusleihoak 21:00ak arte argiztatuta eduki behar dira", azaldu dute Udaletik. Esan moduan, establezimenduek abenduaren 1etik 10era eman beharko dute izena, BAZen zein udal webgunean.

Hamar sari banatuko dituzte

Lehiaketaren baitan hamar sari banatuko dituzte: horietako lau epaimahaiak erabakita; herritarren saria; haur eta gazteen saria eta lau aipamen berezi; azken horiek ere epaimahaiak erabakitakoak.

Lehen saria 1.000 eurokoa izango da; bigarrena, 700 eurokoa; hirugarrena, 600 eurokoa eta laugarrena, 500 eurokoa. Aipamen bereziak, halaber, hurrenkeran epaimahaiaren boto gehien jaso dituzten hurrengo lau erakusleihoei emango dizkiete, eta bakoitzak 200 euroko saria jasoko du.

Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Tokiko Ekonomia eta Enplegu batzordeak, apainketan, diseinuak edo erakusleiho-apainketan aditua den pertsona batek eta Ibai-arte merkatarien elkarteak. "Saridunak erabakitzeko kontuan hartuko dira erakusleihoan Gabonetako giroa islatzea eta erakusleihoa jartzerako garaian izandako irudimena, originaltasuna, lanketa edota estilismoa, besteak beste".

Herritarren eta haur eta gazteen Saria

Arrasatearrak izango dira, bozka bidez, erakusleiho gustukoena aukeratuko dutenak. Herritarren saria norabide bikoitzekoa izango da, hau da, erakusleiho bat saritzeaz gain (500 euro), bozka ematen duten herritarrek ere saria jaso ahal izango dute, Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 120 euroko bost bonu zozketatuko baitituzte.

Haur eta Gazteen Sariari dagokionez, 16 urte arteko arrasatearrek gehien bozkatutako erakusleihoari emango diote. Kasu honetan ere, erakusleiho irabazleak 500 euroko saria jasoko du eta bozka ematen duten haur eta gazteen artean Arrasateko edozein komertziotan gastatzeko 50 euroko bost bonu zozketatuko dituzte.

Bi kasuetan, bozka telematikoki eman beharko da, udal webgunearen bitartez, abenduaren 11tik 17ra arte eta herritar bakoitzak boto bakar bat eman ahal izango du.

Edozein kasutan, establezimendu batek ezingo du sari bat baino gehiago irabazi. Horregatik, epaimahaiaren saria jasotzen duten lehenengo lauak, herritarren saritik eta haur eta gazteen saritik kanpo geldituko dira.

Sari banaketa abenduaren 21ean egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak