Aitor Montes medikuari babesa emateko elkarretaratzea egingo dute egubakoitzean

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 28a, 10:44

Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa-k deituta, Debagoieneko Ospitalearen aurrean elkarretaratzea egingo dute abenduaren 1ean, 13:00etan, "Aitor Montes medikuak euskaraz lan egiteagatik jasotzen dituen jazarpenak salatzeko".

Aitor Montes Aramaioko medikuak urte asko daramatza bere lana euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen eta bere pazienteei osasun zerbitzu integrala euskaraz bermatzeko ahaleginetan. "Ahalegin horrek askotariko jazarpenak jasan behar izatea ekarri dio Montesi: kargu hartzeak, mespretxuak, mehatxuak... Duela egun batzuk gertatu zen azkena. Paziente baten larrialdietarako deribazioa euskaraz idazteagatik kontuak eskatzeko deitu zioten Arrasateko larrialdi zerbitzuetatik eta, gertaera salatzeko, ospitaleko zuzendaritzara jo zuenean ez zuen haren babesa jaso", salatu dute.

Horren aurrean, Euskaldunon hizkuntza eskubideen aldeko Arrasateko protokoloa sustatzen duten eragileek honako hau adierazi dute: "Aitor Montesek zerbitzua euskaraz emateko daukan eskubidea aldarrikatzen dugu, eta gure babes osoa helarazten diogu eskubide horren defentsan urte luzez aurrera eramaten ari den borrokagatik eta jasaten ari den jazarpen egoera onartezinengatik; Debagoieneko ESIko zuzendaritzari gogorarazten diogu erakunde publikoen betebeharra dela euren zerbitzuak euskaraz eman eta jasotzeko eskubidea bermatzea; Debagoieneko ESIko zuzendaritzari eskatzen diogu publikoki babestu dezala Aitor Montesek, zein zerbitzu publikoetako beste edozein langilek, lana euskaraz egiteko daukan eskubidea eta publikoki salatu ditzala euskaraz aritzeagatik jasaten dituen erasoak".

Modu horretan, Aitor Montesi elkartasuna eta babesa adierazteko elkarretaratzea deitu dute abenduaren 1erako. Hala, 13:00etan ospitale aurrean elkartuko dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak