Sailkapenaren erdian dagoen Ilintxak partidu serioa egin zuen atzo Mojategin, eta kategoriako lider den Mondraren zelaian puntu bat batzeko kapaz izan ziren legazpiarrak. Lehenengo zatian parean egon ziren indarrak eta ez batak eta ez besteak ez zuten gol aukera garbirik izan.
Golak, berriz, bigarren zatian etorri ziren. Adiran Fernandezen jokaldi batek saria izan zuen, epaileak Mondraren aldeko penaltia adierazi zuelako, eta kapitainak, Inigo Arizmendiarrietak, ez zuen barkatu (1-0). Bazirudien zailena eginda zegoela, Ilintxakoen atea behin zulatzea nahikoa izango zela ligako 10. garaipena eskuratzeko –11 partidu jokatu dituzte guztira, zenbaki ikusgarriak dira–, baina ez, norgehiagoka amaitzeko ordu laurden falta zenean Ilintxak 1-1 egin zuen. Hala, Ilintxak orain arte Euskaldunak bakarrik lortu izan duena lortu du, Mondraren kontra ez galtzea, alegia. Mondra mendean hartzea, baina, oraindik ez du inork lortu.
Kategoriako gainontzeko emaitzak
Gainontzeko emaitzei dagokienez, Aretxabaleta Bk 2-0 irabazi dio Antzuolari, Billabonaren zelaian 2-1 galdu du Bergarak eta Aloña Mendik gaur, domeka, arratsaldean (16:30) hartuko du Danena taldea.