Zortzi partidutik lau irabazita iritsi dira gaurko neurketara Arriren jokalariak. Aurkari gogorrak izan dituzte aurrean, eta bazekiten gaur lasaixeago jokatu zezaketela Arabako talde berritu eta oso gazte baten aurka. Baina edozein partidu jar daiteke maldan gora eta badaezpada topera atera dira kantxara. Hasierako tanteoaren ostean, 22-10 bukatu da lehen laurdena, eta 54-29 bigarrena. Sarri lortu dute baloia berreskuratu eta kontraerasora irtetea, erreboteetan zein presioan bizi-bizi eta kontzentratuta egonda.
Bigarren zatian mantsotu egin da erritmoa. Ointxe!-k saskiratze gutxiago gauzatu dituen arren, arabarrei oso zaie egiten zitzaien barneko jokoan gailentzea, eta kanpoko jaurtiketekin saiatu dira, arazo handirik sortu gabe. Hirugarren laurden bukaeran 71-42 adierazten zuen markagailuak. Azken hamar minutuetan txispa handiagoarekin lehiatu da marea morea. 24 segundoren faltan 100 puntuak gainditzeko saskiratze bakarrera zeuden, eta gai izan dira beste bi puntu lortu eta 101-57 irabazteko.
Datorren astean Zornotzaren kantxan lehiatuko da Mondragon Unibertsitatea. Atzekoei alde handiagoa ateratzeko beste proba bat izango da.