Helburu bakarra izango du Uarkapen egingo duten jaiak: azken 40 urteotan egindakoa ospatzea. "Gure uste apalean, asko delako AEDk Arrasaten euskara biziberritzeko egindakoa, baita horretarako sortu dituen aukerak, zerbitzuak eta abar ere. Horren adibide dira Ekin Emakumeak Elkartea, Txatxilipurdi edo Goiena Komunikazio Taldea", adierazi dute AEDko kideek.
Herritar guztiendako zabalik egongo den ospakizuna izango da. "Askotariko herritarrak dira AEDren inguruan mugitzen direnak eta aniztasun hori Uarkapen ikustea ederra izango da".
Ekitaldi nagusia, eguerdian
Kulturateko areto nagusian egingo duten ekitaldiarekin abiatuko dute eguna, 12:00etan. "AEDren lorpenetako bat da 40 urtez boluntario soka luze bati eusteko gaitasuna eduki izana. Ehunka, agian milaka izango dira AEDn edota AEDtik sortutako elkarteetan lan egin duten pertsonak, modu boluntarioan gehienak, eta horiei guztiei esker ona adieraziko diegu. Halere, ez gara iraganera begira geratuko, harago joateko arrazoiak ez zaizkigu-eta falta. Euskararen kontrako neurri politiko-judizialak, oraindik euskalduntzeke ditugun lan munduko eremuak, transmisioaren beherakada… Horri guztiari ere egingo diogu tokia. Gainontzean, ez dugu ezer aurreratuko, soilik ekitaldi polita izango dela, bere txikitasunean", azaldu dute.
Bisita eta bazkaria
13:00etan, besteak beste, alde zaharreko bisita gidatua egongo da, Anabel Ugalderen eskutik, eta AEDra deituta edota kudeaketa@aedelkartea.eus-era idatzita eman daiteke izena. 14:30ean, baba-jana egingo dute Uarkapen, eta tiketak AEDn, Iratin eta Monten eros daitezke, 15 euroren truke (haurrek, 10 euro). Umeentzako jolasgunea eta haiei jaten emateko aukera egongo da, doan.
Urteurrena borobiltzera
Urteurreneko ekintzek izan duten erantzunarekin "pozik" daude AEDko kideak. "Juan Arzamendi Musika Etxean egin ditugun bi ekitaldietan bete egin da aretoa, dokumentalaren emanaldia ere aparta izan zen eta erakusketak ere oihartzun polita izan du.
Zapatuko ospakizunaren ostean, abenduaren 12an egingo dute azken ekitaldia, Hitzen ahairea hitzaldi musikatuarekin. Gotzon
Barandiaran idazleak eta Rafa Rueda musikariak eskainiko dute saioa eta hainbat galdera plazaratuko dituzte emanaldian: "Zelan kantatu dute gure idazle eta musikariek Euskal Herria? Zein eragin (izan) dute idazle eta musikarien artean sortutako kantek euskaldunon imajinarioan? Zein alde dago Historia liburuetan erakusten digutenaren eta idazle eta musikarien artean sortutako kantek kontatzen dutenaren artean?".