Musika izango da gala lirikoko protagonista, teorian, praktikan zein antzezlanean landuko den gaian: "Antzokiko antzerki zuzendaria ikusiko dugu obran, bere zuzendari artistikoarekin batera, gerturatu diren abeslariei entzunaldi proba egiteko, Lilikaren Konpainiaren hurrengo opera emanaldia prestatzen ari baitira. Casting bat bezain gauza sinplea denak antzezpen entretenigarria ekarriko du". Egoera "dibertigarri eta zentzugabeak" antzeztuko dituzte, Manu Gallardo Ozenki elkarteko kideak adierazi duenez, "iazko galak arrakasta handia" izan zuelako, eta, beraz, "formula bera errepikatzea" erabaki dutelako.
Musikari dagokionez, elkarteko kideek jakinarazi dute "operaren eta zarzuelaren historiako partitura aipagarrienetako asko" entzuteko aukera izango dela, hala nola La Boheme, Tosca eta Don Giovanni. "Interpretatuko diren harien aukeraketa mimo handiz egin dugu, eta, zalantzarik gabe, ikusle askok erraz ezagutuko dituzte", azaldu du Gallardok.
Lantaldea
Josean Garcia da Una noche en el teatro de la comedia antzezlanaren zuzendari artistikoa, eta alboan izango ditu Arkaitz Mendoza musika zuzendaria eta Valen Moñux eszenografia eta atrezzoaren arduraduna. Ahotsei dagokienez, elkarteak nabarmendu du David Baños tenorea izango dela "erakargarritasun handienetariko bat", "egungo opera eszenako ahots handienetako bat" delako. Horrez gain, Gema Scabal eta Andres del Pino ere oholtza gainean izango dira. Hirurak ere Espainiatik iritsiko dira.
Horrez gain, Estibaliz Arroyo, Jon Imanol Etxabe, Ekaitz Gonzalez de Urretxu, Koldo Torres, Jose Angel Otegi eta Aurora Telletxea ere, Sasibill konpainiako abeslari eta aktoreak, Arrasaten izango dira.
Sarrerak salgai
Oraindik ehun sarrera daude salgai, eta, interesa duenak, Amaia Antzokiko ohiko kanaletan eros dezake: leihatilan, Arrasateko Udaleko webgunean edo Kutxabank-en. Horrez gain, ozenkielkartea@hotmail.es helbidean ere egin daiteke eskaera. Are, bada sarrera fisikoen erosketa egiteko aukera ere, Altuna lurrindegian. "Dudarik gabe, inork galdu behar ez lukeen hitzordu atsegina izango da", azpimarratu du Gallardok.