Bibotea moztu aurretik, azken asteburuari begira

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 23a, 17:33

Mondravemberreko hainbat kide, bertako produktuen azokan, joan den zapatuan.

Hilabete osoko egitarauaren ostean, azken asteburua dute aurretik Mondravember taldeko kideek. Diotenez, orain artekoarekin pozik daude, izan ere, oraindik kontaketa zehatza egin ez badute ere, 9.000 euro inguru batu dituztela adierazi dute.

"Oso arrakastatsuak eta parte-hartzaileak" izan dira egin dituzten ekintza gehienak, Mondravemberreko kide Iban Arroiaberen esanetan. "Pozik gaude egitarauak izan duen erantzunarekin. Bazkari solidarioa, adibidez, bertan behera utzi behar izan genuen, jende askok ez zuelako izenik eman, baina joan den asteburua erabat arrakastatsua izan zen. Garagunekoekin elkarlanean, 95 bat poltsa banatu genituen eta erosteko aukerarik ote zegoen ere galdetu ziguten askok. Halaber, gure txosna jarri genuen Seber Altube plazan, bertako produktuen azokan, eta txorizo egosi pintxoak jarri genituen, euro baten truke. 180 pintxo zeuden eta guztiak saldu genituen; 200 bat pertsonarendako paella bat ere egin genuen. DJ Asierrek lagunduta, giro ederra sortu zen bazkarian eta mus txapelketa ere ondo joan zen, hogei bat bikoterekin", gaineratu du.

9.000 euro inguru

Diru kontaketa zehatzak oraindik egin ez badituzte ere, 9.000 euro inguru batu dituzte orain arte, Arroiaberen esanetan. Diru kopuru hori, urtero moduan, CIC Biogunera bideratuko dute, prostatako minbiziaren ikerketarako, hain zuzen.

Azken asteburua geratzen zaie

Zapatuan, goizean mendi irteera bat egin ostean, talde argazki bat aterako dute Herriko Plazan, 13:00etan, eta Mondravemberreko kideek bazkaria egingo dute gero, Udalpe elkartean. Domekan, 10:30ean, Galarrako kobara bisita gidatua egingo dute, Feel Euskadiko Arantza Otaduiren eskutik eta, ostean, Meatzerrekako elkartean mokadutxo bat ere egingo dute.

Datorren urtean, hamargarrena

Datorren urtera begira, pentsatzen ari dira egitarau motzago bat egitea, hilabete osoko egitaraua egin beharrean. Era berean, hamargarren urteurrena dutenez, zerbait berezia egin gura dutela aurreratu du Arroiabek. "Gainera, ideia berriak ere baditugu. Aita Menni eta San Juan de Dios ospitaleekin harremanetan jarri gara dagoeneko eta esku zabalik hartu gaituzte. Bestalde, garbi utzi gura dugu talde ireki bat garela eta batu nahi duten guztientzat zabalik ditugu ateak".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak