Sekuoia! mahai-jokoa aurkeztu du Udalak

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 23a, 12:48

Gaur goizean egin dute aurkezpena, haurren liburutegian. (Argazkia: Arrasateko Udala).

Herrian girotuta dagoen eta herrian bertan sortu den Sekuoia! mahai-jokoa aurkeztu du gaur Arrasateko Udalak. Bizikidetzari eta zaintzari buruz 2020-2021 ikasturtean Arrasateko Haurren Kontseiluak egindako hausnarketaren emaitza da, Itsaso Pagoagak diseinatu eta Helena Azkarragaurizarrek ilustratu duena.

Mahai-joko bat izatetik harago, elkarbizitzaren eta elkarren zaintzaren garrantziari buruz kontzientzia sortzeko tresna bat ere badela nabarmendu dute sortzaileek. "Jokoaren istorioan sekuoia Arrasateren ikurra da, eta herensuge batek sekuoia mehatxatzen du. Jokalariek talde gisa lan egiten dute herria babesteko, lehia alde batera utzita. Ikuspegi komunitarioa jokoaren hainbat elementutan integratzen da; rol desberdinak daude, herriko pertsonaietan oinarrituta, zaintzan duten eginkizunaren arabera, bakoitza bere trebetasun eta ahultasun bereziekin".

8 urtetik gorako haurrei zuzendutako jokoa da eta gutxienez bost eta gehienez hamahiru jokalari aritu daitezke jokoan aldi berean. "Jokalari bat izango da gidaria, eta gainontzekoak jokalariak. Beste bi aukera ere badaude: lau jokalari eta gidari bat aritzea, edo hiru pertsonako lau taldetan, gidariarekin". Jokoak, batez beste, 30 minutu inguruko iraupena izaten du.

Dagoeneko eskuragarri dago formatu fisikoan herriko ikastetxeetan, gaztetxokoetan eta ludoteketan, eta udal webgunean ere dekargatu daiteke PDF formatuan, inprimatu ahal izateko. Mahai-jokoaren gidaliburua ere bertan eskuratu daiteke.

Haurren Kontseilutik sortutako ideia

Haurren Kontseilua Alkatetzaren aholku organoa da, eta Arrasateko haurrei ahotsa ematea du helburu, herriari eta inguruneari buruz duten ikuspegia partekatu dezaten. Taldea 21 haur boluntariok osatzen dute, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoak. Umeek beren esperientzietatik eta ideietatik abiatuta parte hartzen dute, herriarekin lotutako gaiei buruz lankidetza proposamenak sortzeko asmoz. Horren emaitzetako bat da, hain zuzen, Sekuoia! mahai-jokoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak