Herbehereetan jokatu dituzte asteburuan Munduko Kyokunshinkai txapelketak, eta Arrasatetik joandako karateken artean Danel Izurrategi da urrunen iritsi dena, brontzea eskuratuta. Irati Izurrategi izan zen parte hartzen lehenengoa: "Lehenengo txandan Kazajistango borrokalaria izan zuen aurrean. Hasiera pattala izan zuen, Iratik erakutsi ohi duen mailatik apur bat beherago ibili zen, baina egoera horri buelta eman eta borrokaldi ona egiten amaitu zuen. Hala ere, puntuaketa orokorrean epaileek kontrarioari eman zioten garaipena", adierazi du Carlos Sanchez entrenatzaileak. "Ondoren etorri zen Aratz Ezpeletaren txanda. Ezpeletarendako ere lehenengo mundiala zen eta Poloniako borrokalaria izan zuen lehenengo kanporaketan. Borrokaldi ona egin zuen, baina azken segundoetan kontrarioak ostikada eman zion eta horrek erabaki zuen garaipena. Hala, aurrerago brontzezko dominagatik lehiatzeko aukera izan zuen baina borrokalari ukrainiarrak irabazi zion hor".
Danelen txapelketa, bikaina
Ondoren etorri zen Danel Izurrategiren borrokaldia. "Txapelketa oso ona egin du. Lehenengo txandan Norvegiako kontrarioa izan zuen aurrean, eta bi minutuko denbora agortu aurretik eskuan zeukan garaipena. Ondoren etorri zen Kazajistango karatekaren kontrako borrokaldia. Lehenengo bi minutuetan berdinduta amaitu zuten, eta luzapenean etorri zen Danelen garaipena. Hain zuzen, hankatik bururako teknika batekin lortu zuen irabaztea eta final-erdietarako txartela eskuratu zuen hor. Finalaren atarian Ukrainiako ordezkaria izan zuen aurrean –ondoren txapelketa irabazi zuena–. Hor, 25 segundo falta ziren arte borrokaldi parekatua egin zuten, baina azken tarte horretan ukrainiarra hobea izan zen, eta hura sailkatu zen finalera. Hala, Izurrategik brontzea eskuratu zuen hor".
Zapatuan Madinabeitiaren txanda
Zapatuan, berriz, Aitor Madinabeitiaren txanda izan zen. Arrasatekoari Herbeheretako karatekaren kontra egokitu zitzaion lehenengo txanda, alegia, etxean jokatzen zuen borrokalariaren kontra, eta hori ez da seinale ona izaten. Borrokaldi parekatua izan zen, eta bi minutuak agortu zituztenean epaileak etxeko borrokalariari eman zion garaipena: "Erabaki ulertezina izan zen, egia esan, baina txapelketetan halakoak ere gertatzen dira".
Bada, Danel Izurrategiren hirugarren postuarekin itzuli da Arrasateko espedizioa Munduko txapelketatik, eta ez hori bakarrik, esperientzia bat gehiago pilatu dutelako beste hiru borrokalariek. "Klubean oso harro gaude, oso maila polita erakutsi dutelako eta hara lan handia egin ostean joan direlako. Hilabeteak daramatzate txapelketa prestatzen eta lan ona egin dute".