Arrasateko Udaleko ordezkariekin bildu dira Frente Polisarioko kideak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2023ko aza. 20a, 14:47

Saharako egoeraren berri emateaz gain, eskuartean dituzten erronken berri eman diete arrasatearrei; elikagai bilketa eta udan haur sahararrak etxean hartzeko programa daude tartean.

Joan den egubakoitzean, hilaren 17an, Saleh Salek Saharaldeba elkarteko kidearekin eta Mohamed Fadel Saharako Frente Polisarioko delegatuarekin elkartu ziren Arrasateko Udaleko ordezkariak. Bi sahararrek eskerrak eman zizkieten Maider Morras Arrasateko alkateari eta Jasone Giraldo zinegotziari, Saharako herriarekiko adierazitako "adeitasunarengatik eta emandako laguntzarengatik". Horrez gain, Saharako egoeraren berri ere eman zieten udal ordezkariei eta baita datozen hilabeteetarako erronkak azaldu ere.

Hain justu, adierazi zutenez, elikagai bilketa berreskuratzeko asmoa dute. "Esan digute oso kontziente direla egungo egoera ekonomikoa ez dela hoberena halako ekintza bat egiteko, badakitela familia askorentzat zaila izango dela laguntza ematea, baina saiakera egin nahi dutela esan digute", esan du Giraldok. Horrez gain, sahararrek ohartarazi dute udan Saharako haurrak etxean hartuko dituzte familiak behar dituztela. "Arduratuta" daude gai horrekin: "Kanpamenduetan dauden haurrek behar gehiago dituzte eta gero eta familia gutxiago daude proiektuan parte hartzeko prest". Hala, Arrasateko Udalak adierazi du "aurrera egiten laguntzeko bideak aztertuko" dituztela, sahararren komunitatea Arrasaten handia dela azpimarratuta. "Asko inplikatzen dira. Herrian murgiltzen dira eta elkarren arteko kultura ezagutzea eta trukaketa bultzatzeko beti prest egoten dira, eta hori oso aberatsa da".

Haurrekin topaketa

Arrasate Herri Eskolako haurrek ere Saharari buruz gehiago jakiteko aukera izan zuten Saleken eta Fadelen eskutik, udaletxera bisita bat egitera joanak baziren. "Kasualitate polita izan da. Haurren artean saharar jatorrikoak ere bazeuden eta elkarrekin sahararrez aritu dira", azaldu du Giraldok, nabarmenduta gainontzeko haurrentzat ere "bizipen polita" izan dela. "Ikaskideen bizitzari buruz gehiago jakin eta ezagutu ahal izatea".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak