Ibai-artek bidezko merkataritzako 2.800 txokolate tableta banatuko ditu

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 20a, 11:26

Beste urte batez, Black Arrasate ekimena jarri du martxan merkatarien elkarteak, erosketak udalerrian egitea aldarrikatzeko. Honako hau da lema: Herrian erosiz, zure kolesterol-maila gutxitu, estresa murriztu eta zure animoa hobetuko duzu...bada aukera hoberik?.

Black Arrasate ekimenaren baitan, bidezko merkataritzako 2.800 txokolate tableta doan banatuko ditu Ibai-artek. "Arrasateko saltokietan erosketak egiteak saria du. Herriko dendetan egiten den erosketa bakoitzak bidezko merkataritzako txokolate tableta bat jasoko du, baina erosketa esperientzia gozoagoa da une oro antolatzen ditugun ekitaldi, promozio, zozketa eta abarrei esker".

Dagoeneko laugarren urtea da Harreman gobernuz kanpoko erakundearekin elkartasun ekintza hori egiten dutena, "herrialde behartsuenei laguntzeko konpromisoarekin bat gatozelako", merkatarien elkarteko kideen esanetan. "Egun hauetan, transakzio ekonomiko hori gozo batekin amaitzea nahi dugu, eta, aldi berean, Harremanekin elkarlanean dihardugu bidezko merkataritzan sentsibilizatzeko".

Hala erosketa "bi aldiz hobea" izango dela diote, "ez bakarrik arreta pertsonalizatuagoa izango delako, hurbilagoa, salmenta osteko zerbitzu ezin hobearekin, baizik eta bi aldeek lortutako onura guztiak etxean geratzen direlako".

Harremanek, era berean, "izugarri" eskertzen du Ibai-artek egiten dion ekarpena, "produktuen jatorria ikusarazten eta hornitzaileari onura justuagoa eta bidezkoagoa bermatzen" laguntzen baitie. "Azken finean, gure erosketetan gizarte eta ingurumen irizpidea lehenetsi nahi dugu. Eta Harremanen espiritua udalerri osoan ezagutaraztea: inork ezin die guztiei lagundu, baina denok lagun diezaiokegu norbaiti".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak