Abenduaren 16an egingo dute Jostailu Truke Merkatua, hogeigarrenez

Eneko Azurmendi Barrena 2023ko aza. 14a, 14:49

Jostailu Truke Merkatua, iaz, Biteri plazan.

Hogeigarren urteurrena du Txatxilipurdi Elkarteak Gabonen atarian egiten duen azokak eta, urtero moduan, jostailuak batzen hasiko dira aurrez. "Osorik eta egoera onean egon beharko dira, parte hartuko duen edonori jasotzea gustatuko litzaiokeen bezala", azaldu dute elkartetik.

Honako egun eta lekuetan batuko dituzte jostailuak:

  • Azaroak 18, Arimazubi plazan.
  • Azaroak 23, Arimazubi plazan.
  • Azaroak 24, Usaetxe plazan.
  • Azaroak 25, Biteri plazan.
  • Azaroak 29, Biteri plazan.
  • Abenduak 1, Euskal Herria plazan.
  • Abenduak 11 eta 12, Santa Marinako ludotekan.

Ordutegiari dagokionez, aste barruan 17:00etatik 18:30era jasoko dituzte eta zapatuetan, berriz, 12:00etara 13:30era. Ordutegi horietan ezin dutenek, 12:00etatik 13:30era Txatxilipurdiko bulegora eramateko aukera egongo da jasotze egunetan.

Txatxilipurdiko balioei jarraiki, indarkeria sustatzen duten jostailuak ez dituzte onartuko, ez eta jarrera sexista erakusten dutenak ere. "Berdintasunari eta tratu onei, beste hainbat balioen artean, garrantzi handia ematen baitiegu", gaineratu dute. Era berean, jostailu guztiek balio bera izango dute eta horien truke txartelak banatuko dituzte jasotze puntuetan; zenbat jostailu, hainbat txartel.

Azoka, abenduaren 16an

Jasotako txartelekin, truke egunean, abenduaren 16an, bildutako jostailu guztien artean aukeratzeko tartea egongo da, Biteri plazan egingo duten azokan. Parte-hartzaile bakoitzak lehen orduan (11:30-12:30) bi txartelen truke bi jostailu aukeratu ditzake. Bigarren orduan (12:30-13:30), aldiz, gainontzeko txartel guztien truke dagozkion jostailuak har ditzake. "Hala, parte-hartzaile guztiek izango dute aukera zabala lehen bi jostailuak aukeratzeko".

Txartelen truke jostailuak jasotzeaz gain, berrerabilpena sustatuz, jostailuak sortzeko tailerra ere egingo dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak