Mondrak garaipenaren bidean jarraitzen du Urkiri irabazi ostean (4-1)

Julen Murua Mesonero 2023ko aza. 12a, 12:26

Mondra 4 eta 1 gailendu da Urki talde eibartarraren aurka Mojategin. Garaipen honi esker, sailkapeneko lehenengo postuan jarraitzen du talde zuri-moreak.

Garaipena besterik ez du ezagutzen Gari Nuñezek zuzentzen duen taldeak. Urkiren aurkako garaipenaren ostean bederatzi dira dagoeneko arrasatearrek lortu dituzten garaipenak –bederatzi jardunaldi jokatu dituzte–. Nuñezek dio "garrantzia berezia" eman ziotela astean zehar Urkiren aurkako partidari, "beti izaten baita aurkari gogorra".

Partida aldats behera jarri zaio etxeko taldeari lehenengo minutuetan sartutako golari esker, eta lehenengo zati osoan zehar erakutsi dute arrasatearrek zergatik dauden sailkapeneko lehenengo postuan. 3 eta 0-ekoarekin erretiratu dira jokalariak aldageletara lehenengo berrogeita bost minutuen ostean. Atsedenalditik bueltan, talde eibartarrak hiru aldaketa egin ditu, eta horri esker, markagailuko tartea txikitzea lortu du. Nuñezek adierazi du hasiera batean aldaketa horiek "zalantzak sortu" dizkietela, baina kanpoko taldeak ez du min gehiago egin, eta zuri-moreek lortu dute berriro ere haiek nahi izan duten erritmoa berriro ere ezartzea. Azkenean, 4 eta 1 amaitu da neurketa Mojategin, eta, horrela, Mondrak sailkapeneko liderra izaten jarraitzen du.

Datorren jardunaldian Andoaingo Euskaldunaren zelaia bisitatuko dute arrasatearrek, ligan garaitu gabeko talde bakarra izaten jarraitzeko asmoarekin.

Gainontzeko neurketak

Gizonezkoen Ohorezko Erregional mailan, Aretxabaletak lider izaten jarraitzen du Urolaren etxean garaipena lortu ostean (2-1). Bergarak, berriz, ez du lortu hiru puntuak etxera eramatea Zarautzen aurka galdu ostean (3-0). Emakumezkoen Ohorezko Erregional mailan Debagoiena Bailarak ez du lortu garaipena eskuratzea Mutrikuren zelaian (2-1). Gorengoen mailari dagokionean, Antzuolak galdu egin du (4-3) Zumaiakoren zelaian; Aloña Mendik (Azkoagainen, Euskaldunaren aurka) zein Aretxabaletak (Billabonaren aurka, Billabonan) gaur arratsaldean jokatuko dituzte haien neurketak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak