Lizarrako hilketa erailketa matxista izan dela salatu dute Arrasaten ere hainbat lagunek

Larraitz Zeberio Lekuona 2023ko aza. 11a, 13:42

Eraso Sexistarik ez! Autodenfentsa feminista! irakur zitekeen pankartaren atzean eta Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak deituta elkartu dira, gaur eguerdian, herriko plazan. Azpimarratu dituztenen artean, 2003tik indarkeria bikarioak hamabi haur hil dituela Euskal Herrian.

Euripean egin dute elkarretaratzea herriko plazan. Ordu erdi inguruko ekitaldia izan da, eta hamabost bat minutuko kontzentrazioaren ostean hartu du hitza Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako kide batek. 

Lizarrako hilketa erailketa bikarioa izan dela azpimarratzearekin batera, hainbat datu eman ditu. Indarkeria matxista mota honek hamabi haur hil ditu Euskal Herrian 2003az geroztik. Gainera, aurten indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako bosgarren hilketa izan da. "Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude!", adierazi dute ozen. "Urteak daramatzagu esanez sistema hetero-patriarkal, kapitalista eta arrazistak egituraz sostengatzen duela indarkeria matxista, eta horren azken ondorio lazgarri eta ikusgarriena erailketa dela".

Indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeek bizitzako alor guztietan jasaten dutela salatzearekin batera indarkeria matxista lehen mailako arazo politikotzat hartzea exijitu dute. "Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!". Horrekin batera, antodefentsa feministarako deia egin dute. "Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Lizarran eta Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei".

Elkarretaratzean izan dira Debagoieneko hainbat alkate. Eskualde mailako bilera egin ostean batu dira kontzentraziora.

- - -

Komunikatua osorik:

Lizarratik iritsitako albiste eta susmo txarrekin hasi genuen astea, eta espero genuen berririk txarrena baieztatu zen atzo. Amak bere semea aitarekin batera desagertuta zegoela salatu ostean aitak bere buruaz beste egin zuen 7 urteko semea hiltzearekin batera.

Lehenik eta behin, hamabi dira 2003az geroztik indarkeria matxistak, zehazki indarkeria bikarioak, Euskal Herrian erail dituen haurrak. Eta aurten, 2023an, indarkeria matxistaren ondorioz gertatutako bosgarren hilketa izan da. Aski da! Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude!

Urteak daramatzagu esanez sistema hetero-patriarkal, kapitalista eta arrazistak egituraz sostengatzen duela indarkeria matxista, eta horren azken ondorio lazgarri eta ikusgarriena erailketa dela. Baina, guk badakigu, indarkeria matxistak hamaika aurpegi dituela eta emakumeok* bizitzako alor guztietan jasaten dugula indarkeria hori. Indarkeria matxistari aurre  egiteko, lehen mailako arazo politikotzat hartua izan dadin eskatzen dugu. Egungo jarrera konplizeak alboratu eta bizi garen jendarte antolaketa sexistari aurre egiteko benetako neurriak behingoz har daitezela exijitzen dugu. Gure bizitzak daude jokoan!

Honekin batera, autodefentsa feministarako deia egiten dugu. Bizitzaren aldeko apustu erradikala egiten dugu eta badakigu antolakuntza eta autodefentsa izango direla gure tresna eraginkorrenak. Feministok erantzuteko prest gaude! Martxan jarraituko dugu, elkarrekin borrokan denak aske izan arte!

Azkenik, dei egiten dugu gaur eta bihar Lizarran eta Euskal Herriko hiriburuetan egingo diren elkarretaratzeetan parte hartzeko. Adi mobilizazioei.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak