Perlatak zuzendutako Punkaren beste aldea dokumentala estreinatuko da azaroaren 17an, Amaia antzokian, 19:30ean. Jesusi Etxebarriari buruzkoa den dokumental biografikoak Jesusik Arrasateko musika giroari egindako ekarpenaren testigantzak jasotzen ditu, eta Jesusiren ibilbidea kontatzeaz gain, haren izaera zein ingurukoengan utzitako bizipen eta irakaspenak ere batzen ditu lanak.
Perlatako Ane Garai, Jaione Martinez eta Maialen Oleaga, hirurak izan ziren Jesusiren ikasleak, eta hirurak burubelarri aritu dira dokumentalean lanean, The Badass Project-ekin batera. Perlatako Jaionek azaldu duenez, pasa den urtean taldeko bideoklip batean agertu ostean "sortu" zen dokumentalaren ideia: "Jesusiren ikasleak izandakoak gara hirurok, eta modu batean edo bestean lagundu egin gaitu, ahaldundu. Punk munduaren inguruan asko ikasi genuen, gozamenetik eta modu askatzaile batean, guk eta arrasatear askok; beraz, Jesusiri buruzko dokumentala egin beharra genuela ikusi genuen".
Gonbidapenak, prest
Urte eta erdi lanean aritu ostean, ate joka dabil estreina eta jadanik eskuragarri daude gonbidapenak; dokumentala ikusteaz gain Jesusi Etxebarria ere bertan izango da, eta omenaldi bat egingo zaio; "sorpresaren bat edo beste" ere izango direla aitortu du Perlatako kideak.
"Beharrezkoa ikusten genuen estreina Arrasaten izatea; hala ere, ostean herriz herri zabaltzea nahi dugu; adibidez abenduaren 9an Durangon izango da ikusgai".