Iazko onenak Behobiako irteeran egongo dira domekan

Xabier Urtzelai 2023ko aza. 10a, 09:25

Mikel Velasco (1.09.47) eta Ainhoa Aranburu (1.24.13) arrasatearrak izan ziren iaz Behobia-Donostia lasterketan denbora onena egin zuten debagoiendarrak. Domekan ere irteera puntuan izango dira, ibarreko beste 356 korrikalarirekin batera.

Domekan Debagoieneko 358 korrikalarik –iaz baino 10 gehiago– hartuko dute esku Behobia-Donostia lasterketaren 58. edizioan. Eta, hitzordura begira, azken edizioko ibarreko korrikalari azkarrenekin egon da GOIENA, hasteko, domekan lasterketan egoteko asmoa ote duten galdetzeko. Eta bai, Mikel Velasco eta Ainhoa Aranburu irteera puntuan egongo dira, hori bai, helburu ezberdinekin.

Velasco, hobetzeko asmoz

Mikel Velascok ez du hordagoa botatzeko arazorik izan. "Iaz baino gehiago entrenatu naiz, eta hobeto nagoela esango nuke. Hala, iazko markari minutu bat kendu nahi diot, ea 1.08.30eko markatik gertu ibil naitekeen; hori da helburua". Arrasatekoa bere kabuz ibili da entrenatzen; zentzu horretan, autodidakta da. "Ez dut entrenatzailerik eta halakorik, Interneten informazio mordoa dago eta tira, orain arte moldatu naiz". Hala, joan den astean Antxintxika krosean egindako hamargarren postuak erakusten dio sasoi puntu politean dagoela. "Ez nuen ezer ere gorde, topera joan ginen, baina bai, haizea izan genuen kontran eta horrek eragingo zuen. Gustura amaitu nuen, baina adi, domekan Asier Azkarate ere ez delako txarto ibiliko".

Aranburu, lasaiago

Ainhoa Aranburuk, berriz, domekan lasaiago hartuko ditu gauzak. "Beti nahi izaten dugu lasterketa on bat egin, eta ibili naiz entrenatzen, baina ez iaz beste. Bikotea lesionatuta daukat, eta horrek ere izan du eragina; izan ere, iaz elkar motibatzen genuen korrika egitera joateko, eta aurten nagituta ibili naiz", dio barrez. Hala, egunotan eguraldiari begira ibili da. "Eguraldi txarrarekin ez naiz gustura ibiltzen. Eta, hasierako iragarpenak onak baziren ere, okertzen hasi da kontua. Lagunekin joango gara, eta egunaz gozatzea izango da helburua".

Astelehenean, 'Harmailatik' berezia

Bada, domekan lasterketak emango duena jasotzen ibiliko dira GOIENAko lankideak, eta astelehenean Harmailatik saioa berezia izango da, Behobia-Donostiaren gainekoa.

Lasterketan izena eman duten atleta kopurua, herrika:

  • Antzuola 23
  • Aretxabaleta 41
  • Arrasate 107
  • Bergara 90
  • Elgeta 2
  • Eskoriatza 14
  • Leintz Gatzaga 0
  • Oñati 81
  • GUZTIRA 358

Oharra: Datuak Fortuna Elkartekoek –lasterketako antolatzaileak– bideratu dituzte, eta Gipuzkoako herrietakoenak nabarmentzen dituzte. Horregatik ez daude Aramaiokoak jasota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak