"Herriaren laguntza behar du AGAKOk"

Miren Arana Pagaldai 2023ko aza. 10a, 10:00

Perlata taldea Mondra & Roll jaialdian.

Gaztetxearen elkartasun jaialdia antolatu du AGAKOk zapaturako. arazo ekonomikoei "aurre egiteko" gustu guztietarako kontzertu eskaintza zabala eskainiko da Gaztetxean, eta herritarrak "elkartasun keinu" bat egitera animatzen ditu asanbladak

Azaroaren 11n, zapatuan, AGAKOk antolatuta gaztetxeko el- kartasun jaialdia ospatuko da. 19:30ean irekiko dituzte ateak, eta orduan erosi beharko da kontzertuetarako sarrera; ordu erdi geroago hasiko dira ekitaldiak. Txakurrak, Perlata, The Clayton eta Neallta Fola izango dira eguneko protagonistak; "Añube taldeko lagunek, nahiz eta hasiera batean zapatuko kontzertuetan izatekoak ziren, osasun arazoengatik ezin izango dute kontzertua eskaini", argitu du AGAKOko kide Ekiñe Kasadok.

Taldeekin izan duten harremana "erraza eta gertukoa" izan dela azpimarratu du asanbladako kideak, eta horrek lana "erraztu" diela: "Zapatuan arituko diren musika taldeek ondo ezagutzen dute gaztetxearen egoera, eta eskertzekoa eta pozgarria da taldeek erakutsi duten jarrera; zerbait ondo egiten dugun seinale".

Autogestioa oinarri

"Ekonomikoki mantentzea ez da gauza erraza; egoera ez da nahi izango genukeen bezain ona", aitortu du Kasadok. Izan ere, gaztetxeko asanbladak 32 urtez kudeatu du gaztetxea, betiere autogestioan oinarrituz, eta zenbait arazori egin izan behar die aurre: "Hamaika izan dira bidean aurkitutako arazoak, egungoak baino dezente handiagoak zirenak, beraz, honetatik ere aterako gara".

Arazoak arazo, AGAKO "gogotsu" eta "indartsu" aurkitzen da, herriari "alternatibak eskaintzen" jarraitzeko: "Talde polita elkartzen ari gara azkenaldian, kide beteranoak eta berriak nahastuta; eta borobileanantolatu ohi ditugu ekintzak, asanbladan, baita zapatuko jaialdia ere".

"HAMAIKA IZAN DIRA
BIDEAN AURKITUTAKO
ARAZOAK, EGUNGOAK
BAINO DEZENTE
HANDIAGOAK"

"Elkartasun keinua"

"Gaztetxeak beti egin du herritik eta herriarentzat lan, herrigintzan, eta, horrela izaten jarraitzeko, herriaren laguntza behar dugu", aitortu du Ekiñe Kasadok. Azkenaldian, izan duten egoera ez da "erraza" izan gaztetxearentzat; "diruz larri" egoteak zaildu egiten du aurrera jarraitzea, eta jaialdiarekin egoera ekonomikoa "egonkortzea" espero dute.

"Herriaren berotasuna eta babesa dauzkagu, eta argi geratuko da hori berriz zapatuan", baieztatu du Kasadok; eta herritarrak "elkartasun keinu" bat egitera animatzen ditu. "Guztiontzat" espazio segurua izan dadin, protokolo trans feminista jarri dutela martxan ere adierazi du, eta, gainera, azpimarratu du ez dutela "inolako erasorik onartuko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak