Kontzientziatzen jarraitu gura dute, bibotea utzita

Txomin Madina Milikua 2023ko aza. 3a, 19:43

Mondravemberrekoek iaz atera zuten talde argazkia.

Prostatako minbiziaz kontzientziatzeko hilabetea izan ohi da azaroa eta aurten ere hala izango da, Arrasateko Mondravember taldearen eskutik, askotariko ekintzak egongo baitira hilabete osoa; hilaren 11n, esaterako, eskualdeko topaketa egingo dute Elorregin.

Bihar, zapatua, hasiko dute egitaraua, 16:30ean, Mojategin. Izan ere, Arrasate Rugby Taldearen eta Atletico San Sebastianen arteko errugbi partiduan, talde argazki bat aterako dute Mondravemberreko kideek, jokalariekin batera, eta kamisetak eta otarrearen zozketako txartelak salduko dituzte harmailetan.

Azaroaren 11 izango da egunik beteena. Lehenik, Debagoienek Movember mugimenduen topaketa egingo dute Elorregin: Oñatikoak, Bergarakoak eta Arrasatekoak. "Aurten, erabaki dugu oinez joatea, mendi ibilaldi bat eginez, Kurtzetxikitik buelta", azaldu du Iban Arroiabek, Mondravemberreko kideak. Egun berean, Hoba jatetxean, bazkari solidarioa egingo dute (30 pertsona gehienez). Arratsaldean, Mondraren eta Urkiren arteko futbol partidua baliatuko dute errugbikoekin egindakoa errepikatzeko, eta, 20:00etan, azkenik, bertso desafioa egingo dute Uribarriko Urrin tabernan. "Iaz egin genuen eta arrakasta handia izan zuen. Beraz, errepikatzea erabaki dugu", dio Arroiabek. Modu horretan, Asier Iriondo eta Zigor Enbeita ariko dira Manex Agirre eta Xabi Igoaren aurka.

Elkarlana ere, funtsezkoa

Mondravemberren, Ibai-arteren eta Garaguneren arteko elkarlanari esker, Arrasateko Garaguneko erabiltzaileek sortutako 95 poltsa eta 25 nezeser zozketatuko dituzte, biboteak ikusarazteko. Zozketan parte hartzeko, Arrasateko edozein establezimendutako tiketaren argazkia bidali beharko da, azaroaren 13a baino lehen, 688 73 41 49 zenbakira. Sari banaketa azaroaren 18an egingo dute, bertako produktuen azokan, Seber Altube plazan.

Hilaren 25ean, egun handia

Azaroaren 18an, mus txapelketa egingo dute, eta hilaren 25a izango da Mondravember Eguna. Goizean mendi irteera bat egin ostean, talde argazki bat aterako dute, eta Mondravemberreko kideek bazkaria egingo dute Udalpe elkartean. Azaroaren 26an, azkenik, Galarrako kobara bisita gidatua egingo dute, Arantza Otaduiren eskutik. Halaber, azaroko egubakoitz guztietan Sebr Altube plazan egongo dira, 19:00etatik 21:00etara, kamisetak eta txartelak saltzen.

Egitarau osoa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak