AEDk patxadaz hartzeko emanaldiak dakartza

Hasier Larrea 2023ko aza. 3a, 11:29

Oihana Arana eskoriatzarra eta Eneko Barberena arrasatearra.

Azarorako hiru kultur proposamen antolatu ditu AED euskara elkarteak. Horietako bi egunotan garatuko dira: gaur bertan, literatura emanaldi musikatua, eta, hilaren 8an, Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte dokumentalaren proiekzioa.

40. urteurreneko ekitaldiei segida emango die hil honetan Arrasate Euskaldun Dezagun elkarteak. Gaur, ostirala, 19:30ean, literatura emanaldi musikatua egingo dute Juan Arzamendi Musika Etxean; Joseba Sarrionandia eta Joxe Mari Iturralde idazleek, Anne Etchegoyen abeslariak, Iñar Sastre musikariak eta Olatz Prat kazetari eta musikariak hartuko dute parte ikuskizunean.

Gazteak eta kultura

Datorren eguaztenean, hilak 8, Kulturateko areto nagusian eskainiko dute Lanartea elkarteak ekoiztutako Loreak belaunetan: kulturaren zazpi ahots gazte dokumentala, 19:00etan hasita. Zazpi ahots horietako bat Oihana Arana bertsolari eta poeta eskoriatzarrarena da. Hark eta beste sei sortzaileek euskal kultur munduaren nolakotasunari buruz hausnartzen dute kamera aurrean, etorkizunera begira jarrita. Aranak, besteak beste, militantzia kontzeptua jorratzen du: "Sorkuntza militantzia gisa ulertzen duzu, baina hortik bizi nahi duzu era berean, beraz, hor badago horma bat gainditu beharrekoa, eta nire ustez egin daitezke biak", aipatzen du Lanarteak sareratu duen piluletako batean.

Halako gogoeta mamitsuak pantailan bakarrik ez, proiekzioaren osteko solasaldian ere landuko dituzte, Lanartea elkarteko Amagoia Gurrutxaga eta Oihana Arana bera gonbidatuta. Eneko Barberena idazlea arduratuko da saioa gidatzeaz.

Hilabetea ixteko

Azaroaren 23an, bestalde, Hitzen ahairea. Zeri kantatzen diogu euskaldunok? hitzaldi musikatuaren txanda izango da, Kulturolako Udal Euskaltegian, 19:00etan, Gotzon Barandiaranen eta Rafa Ruedaren eskutik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak