Literaturaren alderdi humanoari gorazarre

Hasier Larrea 2023ko urr. 27a, 12:51

Udal Bibliotekak "arrakastaz" garatzen dihardu beste urte batez Bibliotekaren Egunaren bueltako egitaraua. Azken bi asteotan, tailer, ikuskizun eta elkarguneak eskaini dituzte. Azaroaren 2an jarriko diote ginga haurrentzako poesia kontaketarekin.

Kultura eta elkarrizketak sustatzeko egiten dute lan bibliotekariek, obra guztien oinarrian egileak eta hartzaileak daudela aintzat hartuta. Urriaren 24ko Bibliotekaren Eguna baliatzen dute eguneroko lanari dimentsio handiagoa emateko, eta aurten ere asmatu dute ekitaldi desberdinen bitartez publikoa erakartzen.

Tailer ludikoekin, esaterako, haurrei filosofia –beste hiru saio dituzte aurretik– eta familiei zientzia eta teknologia gerturatu diete. Musikak ere behar duen tokia hartu du, aurtengoan, ikus-entzunezko bertsoetan oinarritutako Anonyme Popular ikuskizuna ekarrita.

Bizipenak kontatzen

Giza Biblioteka da, beharbada, Arrasaten egiten den ekimenik bereziena. Martitzenean garatu zuten bizi esperientzietatik abiatzen den elkarrizketa saio irekia. Sei herritarrek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten errealitateen berri eman zieten 60 entzuleri. Asun Agiriano bibliotekariak azaldu du zein den dinamika: "15 minutu irauten duten eta aldi berean izaten diren solasaldiak dira. Entzuleek aukera dute kontalari batekin egon ostean beste batengana joateko; txanda guztiak beteta, gehienek hiru istorio ezberdinen berri izan dute, baina egon da guztiak entzun dituenik ere". Liztor asiarrarekin dagoen arazoa, transexualitatea, ekintzailetasuna, saharar errefuxiatuen errealitatea, autismoa eta zuhaitzen egoera izan dituzte hizpide aurten bosgarren aldia bete duen ekimenean.

'Poltsikorako poemak', ahoz

Egitaraua borobiltzeko, azaroaren 2an, eguena, Poltsikorako poemak ilustrazio-bilduman jasotako istorioak kontatuko dituzte Saroa Bikandik eta Amaia Egidazuk, Kulturateko areto nagusian, 18:00etan. 4 urtetik gorakoentzako saioa izango da, eta bertaratzeko izena eman beharko da aurrez Udal Bibliotekan edo Arrasate.eus-en.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak